COVID-19: Gipuzkoako joeratik salbu dago, oraingoz, Bidasoa
Azken egunetako 100.000 biztanleko tasak behera egin du Irunen, eta Hondarribian pixka bat hazi da. Dena dela, herrialdeko gorakadarik ez dago Bidasoan.
Atzo, Bidasoan COVID-19 kasuek gora egin zuten, baina era apalean: Irunen bederatzi infektatu gehiago atzeman zituzten, eta bi Hondarribian. Antza, Bidasoa Gipuzkoan bizi den positiboen zurrunbilotik at dago.
Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko tasari erreparatuta, Irunen pixka bat jaitsi egin zen atzoko datua astelehenekoarekin alderatuta, 382,31tik 378,97ra; Hondarribian, berriz, apur bat gora joan da tasa hori, 307,02tik 312,92ra. Dena dela, Gipuzkoako joeratik urrun daude datu horiek, altuak izan arren, ez daudelako eremu gorritik (500dik gora kasu) hurbil. Herrialdeko batez bestekoa 533,61ra iritsi da.
Osasun Sailak gaur eman ditu datu horiek, txosten bidez. Beheko estekan klik egin eta osotasunean jasotzeko aukera dago.