Mintzalaguna egitasmoaren ekitaldi berri bat, abian
Hil honetan zehar eta urtarrilean izena emateko aukera izango dute interesdunek. Aurrez aurreko mintza saioak lehenetsiko dira.
2020-2021eko Mintzalaguna egitasmoaren berri eman dute gaur goizean Aritz Enparan programaren arduradunak eta Maria Serrano Euskara zinegotziak. Azaldu dutenez, hil honetan zehar eman ahalko dute izena interesdunek, baita urtarrilean zabalduko duten bigarren txandan ere.
Ekitaldi berri honek koronabirusak eragindako osasun krisiaren erdian garatuko den arren, aurrez aurreko mintza saioak lehenetsiko direla zehaztu dute. Areago, “harremanak desnaturalizatu” diren garai honetan “garrantzitsutzat” jo du Serranok tankera honetako egitasmoak garatzea. Beraz, egoerak hala baimentzen duen neurrian aurrez aurre elkartuko dira bidelari eta bidelagunek.
Ildo horretan, segurtasun protokoloak bermatzeko udalak hainbat espazio ahalbidetuko ditu ohiko mintza saioetarako, eta jarduera osagarrien kasuan ere egokitzapenak egongo direla erantsi du Enparanek; horietako hainbat online egitea aurreikusi dute.
Bidelari eta bidelagunak
Mintzalagun programan parte hartzen duten bidelariek bi baldintza bete behar dituzte egitasmoan parte hartzeko: bata, euskaraz komunikatzeko gai izatea, eta bestea, astean ordubetez elkartzeko prest egotea. Hondarribiko euskaldunei, halaber, bidelagun gisa parte hartzera deitu ditu Enparanek. “Taldeetan ardura hori hartuko duten pertsonak behar ditugu, taldeak bideratzeko, ez irakasle lana egiteko”, gaineratu du.
Hori horrela, “ahalegin berezia” egiten ari dela Euskaltzaleen Topagunetik egitasmoarekin aurrera egiteko nabarmendu du arduradunak. Eta aurreratu duenez, aurtengo Mintzodromoa Euskal Herri mailako taldeekin garatuko da, Internet bidez.