Udalak Emakumeen Etxearekiko duen "interes eta errespetu falta" salatu dute
Su Txikian Elkarteak Irungo Udalari egotzi dio bileren egutegia azken momentuan behin baino gehiagotan aldatu izana, emakumeen beharrak alde batera utziaz.
Irungo Emakumeen Etxe berria sortzeko prozesu partehartzaile bat jarri zen martxan pasa den hilabete amaieran, hiriko emakumeekin elkarlanean espazio hori diseinatzeko asmoz. Iniziatiba lantzeko hitzartu ziren bileren egutegia errespetatu ez izana salatu du Su Txikian Elkarteak, udalak emakumeen kontziliazioarekiko duen konpromiso eza agerian utziz.
Etxea diseinatzeko prozesuak egutegi finkoa zuen, baina hasieran hitzarturiko datak errespetatu ez izana eta dagoeneko bi aldiz “inolako justifikaziorik gabe” aldatu izana bidegabekotzat dute elkarteko kideek. Azken aldaketa atzo (ostirala) izan zen, bilera hasi eta ordu gutxi lehenago. Bat-bateko erabaki horiek fundamentu gutxiko antolakuntza agerian uzten dutela aldarrikatu dute.
Bilerara joatekoak ziren emakumeen haserrea agerian jartzeaz gain, halako ekintzek ekimenean izan litzaketen galerak ere gailendu dituzte, hainbat eta hainbat emakumek prozesuan parte hartzeko ezintasuna suposatu baitu egutegiaren aldaketak. Udal gobernuak Emakumeen Etxearekiko duen “interes eta errespetu falta” salatu dute.
Elkartearen ustez, udalarentzat Emakumeen Etxearen proiektua propaganda politikoa besterik ez da: “Horren seinale da, azken urteetan nola agertu eta desagertu den proiektua Irungo Berdintasun Planetik estrategia politikorako erabilgarria izan denean”. Ildo horretan, Su Txikian Elkarteak proiektuarekiko konpromisoa berretsi nahi izan du, baina prozesua edozein baldintzarekin egingo ez dutela argi utzi nahi izan dute: “Hasi baino lehen nazkatuta gaude eta ez dugu edonolako prozesurik onartuko”.