EAJk herriari agintaldi plana ezkutatu diola salatu du Abotsanitzek
Dokumentua urte hasieratik esku artean duten arren, jeltzaleek ez dute partekatu ez herritarrekin, ezta gainontzeko udal taldeekin ere. Planaren "gainkostu susmagarria" ere salatu dute.
EAJren udal gobernuak agintaldi plana, udal jardueraren oinarria beharko lukeen dokumentua, herritarrei “ezkutatu” izana salatu du Abotsanitzek. Dokumentuak gobernuaren bidea zehazteaz gain, oposizioa ere baldintzatzen duela nabarmendu du alderdiak: “Gobernuaren jardueraren jarraipena baita oposizioaren lanetako bat”.
Udal gobernuak 2019ko irailaren 20an esleitu zion agintaldi plana egitea EKF Atest enpresari, eta 2020ko urtarrilean ordaindu zitzaion (hau da, hori baino lehenago entregatu zen dokumentua). Ordutik udal gobernuak planaren berri eman ez izana salatu nahi izan du Abotsanitzek, ez baita edonolako agiria, udal jarduerarako oinarriak eta laurtekorako eginbideak, orobat, jasotzen dituen plangintza baizik.
Herritarrek informazio horren berri izateko duten eskubidea aldarrikatzearekin batera, plana gauzatzeko kostua ere jarri du mahai gainean Abotsanitzek: “Aurreko agintaldikoak 11.900 euroko kostua izan bazuen, oraingoagatik udalak ordaindu duen kopurua askoz altuagoa da, 18.101 euro, lau urte lehenagokoa baino %52 gehiago. Beste gainkostu susmagarri bat Hondarribiko EAJren kontratazio ilunen zerrendan”.