[Elkarrizketa] «Abesten zuten bitartean dantza uztartzea zaila izan zen»
2020ko Zinemaldian estreinatutako ‘Akelarre’ filmeko koreografia diseinatu du Irunen egokitutako oiartzuarrak. Sormen prozesuaren nondik norakoak eta sektoreak bizi duen egoera azaldu ditu.
Akelarre film luzeko koreografia diseinatu duzu. Nolakoa izan da prozesua?
Niretzako guztiz berria izan da. Sormen prozesua ez da oso ezberdina izan besteekin alderatuz, bai dantzak sortzerako garaian edo lan egiteko moduan. Izan da pixka bat ezberdina-edo gure sormen prozesua, musikaren sortze prozesuarekin elkartu zitzaigulako. Maite Arrotajauregirekin bateratu zizkiguten entsegu asko, eta informazio asko elkarbanatzen genuen, batez ere Maitek egin zuelako lehenagotik ikerketa lan polita. Beraz, informazio hori partekatzen genuen. Zuzendariaren aldetik ere ideia asko iristen zitzaizkigun. Hasierako entsegu gehienetan dantzaz gain, neskek zuzenean abestu behar zuten abestiak eta koreografia ikasteko, bi gauzak batera. Baina berez ez zirenez ez abeslariak ezta dantzariak ere, informazio asko jasotzen zuten. Eta hori zen zailtasun nagusia, denbora gutxian informazio hori guztia barneratzea.
Zein berezitasun edo ezaugarri saiatu zara islatzen koreografian?
Alde batetik saiatu ginen islatzen, normalean akelarre bat burura datorkigunean gorputzaren askatasunean pentsatzen dugula. Guk bi koreografia landu genituen, bata akelarrearena, eta bestea, neskak beraien herri giroan edo festetan egiten zituzten ospakizun edo dantzak. Horretarako, nahastu nahi izan genituen batetik akelarreen aspaldiko dantza eta askatasun mugimendu horiek, paganoagoak, zuzendariak eman nahi zion ikuspegi modernoago batekin, popularragoa edo pop-agoa. Bi gauza horiek nahastu nahi zituen, baina hor ere zailtasuna egon zen. Keinu oso zehatzak landu behar izan genituen, eta bi gauzak batera uztartzea zaila zen. Horri gehitu behar zaio kantak erritmo dezente duela. Kantaren letrak ere kontuan hartu genituen hori dena lantzeko, keinuak horretara bideratzeko.
Nola diseinatzen da koreografia bat? Zein da eman beharreko lehenengo pausua?
Modu asko daude. Hemen bi gauza bereziki hartu ditut kontuan. Batetik, dantza herrikoiago honetan, keinuak landu genituen lehenengo. Koreografia osatzeko abestiaren letretan oinarritu ginen, eta hitzetatik etortzen zitzaizkigun ideia horiek mugimendura eramaten saiatu ginen. Horrez gain, akelarrean irudi nagusiena zen zirkuluarena: bost neskak biribilean bilduta mugimendu ezberdinak egiten kateatuta zeuden bitartean. Momentu horretan sor zitezkeen estruktura edo figura ezberdinak islatzen saiatu ginen. Gero, indarraren arabera ere, ondo pentsatu behar da ere zein keinu erabili nahi duzun indar hori transmititzeko. Baina edozein modutan, bide asko daude sormen prozesu horretan.
Kontent zaude egindako lanarekin?
Bai, kontent nago. Esperientzia berri bat izan da. Esperientzia polita, azkenean, neska horiekin ere partekatu ditudalako momentu asko: ondo pasatzeko momentuak, segurtasun falta sentitzen genuen momentuak. Horren lanketa handi bat ere egin genuen.
Egindako lanaren feedback-a jaso duzu dagoeneko?
Orokorrean entzun dudana izan da pelikulan zehar koreografiaren indarra gorantz doala eta bukaerako dantzak indar handia duela. Horrekin oso pozik nago.
Filmarekin lotuta, aurrera begira, aurkezpen gehiagorik egin behar duzu, edo momentuz horrekin bukatu duzu?
Filmarekiko lana nirekin, behin piezak estreinatu zituztela, bukatu zen. Orain beraiek jaso behar dute uzta guztia [umorez].
Eta zu zertan ari zara orain lanean? Proiekturen bat darabilzu esku artean, edo atsedenaldirako garaia da?
Bai, momentuz hainbat proiektutan sartua nabil. Oraintxe bertan produkzio berri batean nago, dantza pieza bat sortzen Hiru izenekoa, eta hainbat emanaldirekin ere. Gainera, aurretik nituen emanaldiekin lotuta, bai Mutu lanarekin zein Nere azalean arrotz-ekin. Aldi berean beste konpainia batzuekin elkarlanean nabil. Momentuz, beraz, lanean.
Zein ezberdintasun egongo litzateke pieza horien eta film baterako koreografia bat diseinatzearen artean?
Ez daukate zerikusirik. Adibidez Akelarre-ren azkeneko piezan mugimenduaren indarrari garrantzi handia eman zitzaion, eta adibidez, nik nire lan propioetan, mugimendutik at geratzen den horretan guztian fokua jarri nahian nabil. Oraintxe bertan hori egiten ari naiz hain justu. Alde horretatik bada ezberdintasunik.
Zure ibilbide profesionalean atzera begira, zein momentutan erabaki zuen Myriamek dantzaria edo koreografoa izan nahi zuela?
Erabaki sendoena nire proiektu propioekin hasi nintzenean izan zen, 2015-2016 inguruan. Urte asko eman ditut beste proiektuetan, bai dantzari edo koreografia txikiak eginez, beste konpainia edo taldeekin elkarlanean. Horrez gain, urte asko ere eman ditut dantza irakasle bezala. Uste dut amatasunaren ondoren, orduan sentitu nuela azken bultzada hori, eta aurrera egitea erabaki nuen. Besteen proiektuetan hainbeste urte lanean egoteak ikuspegi zabalago bat eman zidala uste dut. Behintzat nola gustatuko litzaidakeen lan egitearen ikuspegia eman zidan. Behin hori pixka bat ziurtatuta-edo orduan eman nuen lehen pausoa.
Filosofikoki, zer da dantza zuretzako?
Dantza niretzako, alde batetik, komunikazio bide bat da. Bestetik, egia da, askotan zalantzan jartzen dudala eta pentsatzen dudala: zer da dantza? Zer da dantzari izatea? Zer da nabarmendu nahi duguna? Baina hasierara itzuliz, komunikazio bide bat da, bai, askotan buruan dituzun ideia guztiak azaleratzeko modu bat delako. Edo hortik bideratzen dut nik behintzat, mugimendutik. Hitzekin edo beste komunikatzeko bide batzuekin oso lotsatia izan naiz. Eta batez ere esango dut dantzatu ezin izan dudanean, hor beti zerbait faltan sumatu dudala, ez naizela hain osorik sentitu; alegia, hutsune bat sumatu dudala. Beti bueltatu behar izan naiz dantzara, beraz.
Zein ikasketa egin zenituen?
Dantza garaikideko dantzari izateko goi mailako ikasketak egin nituen Rotterdamen [Herbehereak]. Hor egin nuen dantzan lehenengo geldialdia. Lesionatu egin nintzen, eta denbora luzea eman nuen dantzarik egin gabe. Gerora bueltatu egin nintzen, irakasle moduan ere. Dantzari bezala nire saiakerak egin nituen, baina amatasunarekin gelditu nintzen. Halako momentu jakinetan ikusi izan dut dantza egiteko beharra nuela.
Maitasuna eta gorrotoa aldi berean, ezta?
Bai, hori da [barrez]. Horrelako harreman bat da.
Galdera ekidin ezina: nola eragin dizue COVID-19 gaitzak eta nola zaudete?
Orain, zorionez, ondo gaude. Badirudi lana mantentzen ari dela, mantentzen ari da, urte bukaerarako planifikatuak genituen emanaldiez gain, martxotik atzeratutako guztiak orain berreskuratzen ari garelako. Hiruhileko honetan, beraz, lan dezente daukagu. Okerrena da hari fin baten gainean oinez zabiltzala denbora guztian, eta ez dakizula noiz etengo den, zer gertatuko den edo aurrera jarraitzerik izango dugun. Astero egutegian duguna ezabatzen goaz, ‘Uf, iritsi gara’ pentsatzen dugun bitartean, hurrengo astean zer gertatuko ote den jakin gabe. Bestalde, orain batez ere, datorren urteari begira beldurra sortzen ari da sektorean, ea zer nolako panorama izango dugun, kulturaren esparruan zein programazio egon daitezkeen… Baina tira, egia da momentuz ez dugula erotu nahi, eta beraz, egoerari eusten ari gara.
Nola bizi izan zenuten zuek konfinamendua? Emanaldirik ez, baina lan egiteko aukerarik izan zenuten?
Ekainera arte ezin izan genuen ezer egin, beraz, frustrazio handiarekin bizi genuen konfinamendua. Nik behintzat ez nuen eskolarik eman, ez ezer. Egia da aukera ugari atera zirela klaseak birtualki emateko, baina ni ez nengoen prest horretarako, eta ez nuen nahi.
Aukera bat izan liteke zuretzako eskolak birtualki ematea osasun egoerak okerrera egingo balu?
Ez dut ikusten. Badakit aukera bat dela, baliabidea hor dagoela, baina uste dut egin nahi duenak ere baliabide horiek ondo ezagututa eta ondo bideratuta erabili daitekeela.
Hala ere, nik eskolak emateko dudan modua kontuan hartuta, ez dut ikusten niretzako tresna baliagarri bat izan daitekeenik. Eta horri gehitu behar zaio, gaur egun, indarrean dauden neurriekin (distantziak, maskarak…) ez aurrera ez atzera nagoela momentu honetan. Hain garrantzitsua iruditzen zait dantza klaseetan sortzen den pertsonen arteko harreman hori, ez dudala oso argi ikusten, alegia, ez dakit oso ondo nola enfokatu. Askotan pentsatzen dut orain momentu egokia izan daitekeela eskolak pixka bat geldirik uzteko, eta beste proiektuetan zentratzeko eta indarra jartzeko.