Jabier Muguruzak 'Geltokiak izarretara' diskoa aurkeztuko du Irunen
Musikari irundarrak Gipuzkoan eskainiko duen kontzertu bakarra izango da. Hilaren 25ean jarri dute hitzordua, Amaia Kultur Zentroan.
Datorren hilaren 25ean (igandea da) kontzertu berezi batek hartuko du Amaia Kultur Zentroa. Jabier Muguruza musikari irundarrak azken diskoa taularatuko du, Geltokiak izarretara izenekoa. Gaur bertan aurkeztu dute kontzertua musikariak eta udaleko ordezkari Junkal Eizagirrek. Sarrerak dagoeneko eskura daitezkeela jakinarazi dute, lotura honetan, 7,75 euroan. Emanaldia 19:00etan hasiko da.
Kontzertua maiatzean egitekoa zen, baina osasun egoeragatik atzeratzea erabaki zuen udalak. «Beti bezala, luxua izango da Jabier gurekin izatea; gainera, Gipuzkoan ikuskizun honetaz gozatzeko aukera bakarra izango da hau», esan du ordezkariak.
Kontzertuan euskal musikaren klasikoen bertsioak joko ditu Muguruzak, hamabost euskal kantari adierazgarrienen zerrenda bat moldatu du. Musikariaren alboan Bernardo Atxaga idazlea eta David Gomez, Mikel Artieda, Jean Marie Ecay eta Mikel Azpiroz musikariak izango dira.
Azken ikuskizun eta kontzertuetan bezalaxe, edukiera mugatua izango da Amaian, eta musukoa erabiltzea eta bestelako osasun neurriak betetzea derrigorrezkoa izango da.