Espainiako Itzuliak eragina izango du trafikoan
Datorren astearteko lasterketak eragina izango du trafikoan, baita ere autobus zerbitzuetan.
Datorren asteartean (hilak 20) Irun Espainiako Itzuliaren hasiera eta agertoki nagusi bilakatuko da. Txapelketa horren harira, trafikoak zenbait aldaketa jasango dituela zehaztu berri du udalak.
Etorbidearen zubia izango da itxiko duten lehen errepidea, 07:00etatik 16:00etara. 12:05ean aldiz, 13:15tara bitarte, lasterketak zeharkatuko dituzten errepide guztiak itxiko dituzte. Hauek dira: Iparralde hiribidea, Santiago Urtizberea, Zubimuxu, Hondarribia, Kolon, Iparralde, Gernikako Arbola, Bidasoa, Santiago, Junkal, San Martzial, San Juan, Nagusia, Artaleku, Gipuzkoa, Elizatxo, Erromerieta, Letxunborro, Perubustan eta GI-363.
Era berean, aparkaleku asko murriztuko direla ere iragarri du udalak. Hala, igandetik asteartera bitarte ohiko zerbitzuko aparkaleku asko ez dira erabilgarri egongo.
Beharrezkoak ez diren auto bidaiak ekiditeko deia egin dute, eta beharrezkoak badira, Behobiako sarbidea erabiltzeko gomendatu dute.
Autobus zerbitzuek ere aldaketa nabariak jasango dituzte asteartean. Lotura honetan informazio guztia kontsulta daiteke.