[Erreportajea] Kontsumo joerei bira ematen
Eskualdeko kontsumoa, ekoizpena eta elikadura eraldatzeko pauso berri bat eman nahi du Labore Txingudik dendaren lehen urteurrenean. Material berria behar dute.
Irungo Uranzu kaleko Labore Txingudi dendak jada urtebeteko ibilbidea egin du. 2019ko urriaren 12an bide berria hasi zuen kooperatibak, eskualdeko kontsumoa, ekoizpena eta elikadura eraldatzeko pauso garrantzitsua eman zuten. Ordutik, hazkunde nabaria izan du elkarteak, auzotarren kontsumo joerak, pixkana bada ere, aldatzen ari dira.
Elkarteko kide Dornaku Lantzek azaldu duenez, iaz jarritako helburuak bete dituzte. 80 bazkide ingururekin zabaldu zuten denda, eta egun, 210 dira. «Hasierako helburua 200 bazkide lortzea zen, beraz, oso pozik gaude. Gure perspektibak gainditu dira». Ohiko bezero asko erakarri dituztela dio, bereziki adineko emakume asko gerturatu direla dendara azken hilabeteotan. Auzoan denda erreferente bilakatu da Labore, askok eguneroko erosketak bertan egiten baitituzte jada.
Denda zabaldu zutenetik pixkanaka joan direla kontatu du Lantzek, «minimo batzuekin» hasi zirela, baina egungo eskaerak eskaintza handitzea behartu die. Hala, crowdfunding kanpaina bat abiatu berri dute, hozkailu berri bat eta granel ontziak erosi ahal izateko. «Bertako ekoizle asko astean bitan etortzen dira, eta justua erosten dugu ez txartzeko. Hozkailuarekin aukera izango genuke bertako ekoizleen eskaintza zabalagoa izateko». Granel ontziekin, gainera, plastiko gutxiago sortzeko helburua dute.
Momentuz, 700 euro jaso dituzte, eta helburua 4.000 euroko langa gainditzea da. Aurretik, 28 egun ditu Labore Txingudik. Haiekin kolaboratzeko interesa dutenek, webgune honetara jo beharko dute, eta bertan, Labore Txingudiren kanpaina bilatu.
Koronabirusak, gainera, erabat baldintzatu du dendaren estreinaldiko urtea. Halere, egoerak bultzada bat eman diela aitortu du Lantzek, beste denda askok nabaritu duten igoera hori ere sumatu dutela. «Alarma egoeratik ia bikoitza saldu dugu. Beste dendetan bezala lanez lepo ibili gara». Osasun larrialdiak «tokikoa indartu» duela uste du Lantzek, jendea «ero moduan bertako produktuak erosten» hasi zela. «Argi geratu dena da horrelako edo bestelako krisi baten aurrean bertako kontsumoak bermatuko duela elikadura, funtsezkoa da horretan inbertitzea etorkizunari begira».
Horrekin lotuta, kontsumitzeko joerak pixkanaka aldatzen ari direla dio pozik Laboreko kideak, zorionez, «bogan» dagoen eztabaida dela. «Zorionez gero eta kontsumo arduratsuko gune gehiago daude inguruan. Nik, kontsumitzaile gisa ez dut nire burua Alcampon erosten ikusten jada, eta uste dut hurrengo urteetan jende askok erabaki hori hartuko duela, dendan hori sumatzen ari gara», erantsi du Lantzek.
Bigarren urte honi begira orain arte lortutakoa mantendu nahi du Labore Txingudik. «Efizientzia eta kalitatea hobetu». Hori izango da Lantz eta konpainiaren zeregin nagusia.
Labore Txingudik abiatutako crowdfunding-ean parte hartzeko, egitasmoa gertutik ezagutzeko edota bazkide egiteko interesa duten bidasoarrek hemen informazio eta xehetasun guztiak dituzte eskuragarri.
Saskiak, online
Elikadura eraldatzeko pausoa ematen hastea gero eta errazago dute Bidasoan. Izan ere, Hondarribiko agroekologia eremuan Bidasoa Km 0k egitasmo berezia abiatu duela kontatu du Lantzek. Internet bidez garaian garaiko barazki eta frutaz betetako saskiak eskatzeko aukera ematen hasi dira. Webgune honetan egin daitezke eskaera horiek.