[Erreportajea] Euskal mitologiak eta naturak elkartu ditu
Irundar talde batek Trikuharri elkarte soziokulturala osatu zuen joan den apirilean. Ordutik, euskal kulturarekin eta mitologiarekin lotutako bi proiektu handi egin dituzte, ipuin bat eta ginkana bat.
Euskal kulturari ate berri bat zabaldu diote Irunen, hiri erdigunean hain zuzen ere. Joan den apirilean irundar talde «ipurtarin» batek Trikuharri Elkarte Soziokulturala sortzeko pausoa eman zuen, eta ordutik, txoko bat egin dute Alde Zaharra-San Juan auzo elkartean bertan. Aspalditik ideia argi bat izan dutela azaldu du te Txemi Moreda elkartekideak eta haren kideek: euskal kultura, mitologia eta naturaren zaintza uztartuko dituen elkarte bat osatzea. Bada, epe motz honetan, ibilbide luzeko elkartea izango dela erakutsi dute, ez dira geldirik egon.
Euskal mitologia oso gustuko du Moredak, aspalditik —txikitatik— datorkio Tartalo, Basajaun edo Marirekiko miresmena. Eta betidanik izan du ere gaiarekin lotutako dozenaka proiektu egiteko grina. Orain, elkartea osaturik, buruan zituen horiek egi bilakatzeko aukera baliatu du, nola gainera. Bost hilabeteko epe honetan proiektu ugari sortzeko tartea atera dute elkarteko kideek, betiere guztiek abiapuntu berbera dutelarik: bertako kultura eta mitologia plazaratzea, egun euskaldun askorentzat ere oraindik oso ezagunak ez diren pertsonaiak eta istorioak gerturatzea. «Finean, ongi pasatu bitartean ikasi eta kontzientziatzea».
Izan ere, ingurumenarekiko errespetu hori gizarteratzea da elkarteko kideen helburu nagusietako bat, bereziki belaunaldi berriei begira. «Euskal kultura oso lotuta dago naturarekin, baita mitologiako pertsonaiak ere. Gehienek lotura zuzena dute baso, mendi eta itsasoarekin. Azkenaldian, gainera, ikusi dugu oso gutxi zaintzen dugula natura, beraz, premiazkoa ikusi dugu ikuspegi hau ere txertatzea elkartearen zereginean», zehaztu du elkarteko zuzendariak.
Apiriletik haur zein helduei begirako proiektu ugaritan buru-belarri lanean ari direla kontatu du Moredak. Are gehiago. Epe labur honetan lehen argitalpena egiteko tartea atera dute. Herensugearen madarikazioa izeneko ipuina kaleratu berri dute, eta dagoeneko hiriko familia askok harekin gozatzeko aukera izan dute. Joan den hilean kaleratu zuten, eta ordutik «sekulako harrera» izan duela aitortu du Moredak. «Abentura liburuxka bat da, irakurterraza oso».
Ipuinak arrantzale baten eta sirena baten arteko amodioa kontatzen du, «haur zein helduak berehala harrapatuko dituen istorioa» da sortzaileen ahotan. Moredak sortu du testua, eta ilustrazioak, aldiz, David Alonsorenak dira. Argitalpenerako Koldo Susperregi eta Juli Ganboaren laguntza jaso dute. Ipuina dagoeneko eskura daiteke, bost euroan, Irungo Papel y + liburu dendan.
Ipuinean kontatzen den hori Survival Night izeneko egitasmotik atera dutela zehaztu dute elkartekoek, osasun egoeragatik bertan behera utzi behar izan zuten hura (ekainean zen jokatzekoa). Euskal mitologiarekin lotutako aire zabaleko ginkana erraldoi moduko bat antolatu zuen Moredak iaz. Hori izan dute ipuinerako abiapuntu, jokotik atera dituzte istorio eta abentura guztiak. «Egungo osasun egoera ikusita, uste dut 2022rako utzi beharko dugula. Hori bai, oso indartsu etorriko da, hobetzen ari baikara jokoa».
Ginkana bat menditik
Ipuina ez da azkenaldian elkarteak landu duen egitasmo bakarra izan. Atzo (hilak 15), 8 giltzak izeneko altxorraren bila moduko jokoa kaleratuko zuen Trikuharrik. Familiartean gozatzeko ginkana moduko bat dela azaldu du Moredak, kalean jokatzekoa, hori bai, gehienez bost-sei laguneko taldeetan, osasun neurriak bermatzeko. Bidean zehar, familia, laguntasuna, errespetua, etika, eta ingurumenaren zaintza bezalako balioak transmitituko direla dio, eta amaieran «sorpresa oso polit bat» eramango dutela partaideek. Irungo landa eremuan jokatu beharko dela zehaztu du Moredak. Bide batez,jarduera bitartean natur eremuan aurkitutako edozein hondakin jasotzeko ere baliatuko dute jokoa.
Datozen hilabete eta urteei begira buruan «milaka proiektu» dituztela aitortu du Moredak, «denetarik egiteko gogoz eta ilusioz» daude. Irundarren erantzunarekin harritu dira elkarte berriko kideak, eta zentzu horretan, eskerrak eman dizkie alboan izan dituzten guztiei.
Elkartearen ateak erabat zabalik daude. Hori izan da Moredak zabaldu nahi izan duen mezu nagusietako bat. Inork proiekturik balu buruan, haiekin harremanetan jartzeko deia egin diete elkartekoek. «Proiektuak egiteko asmo asko nituen garai batean, baina baliabiderik ez; egoera horretan egon daitezkeen herritarrak lagundu nahi ditugu. Guk jarriko ditugu baliabideak, eta elkartearen balioekin bat egiten badu, aurrera». Esaterako, irundar gazte bat dagoeneko haiekin lanean hasi dela kontatu du, euskal mitologiako pertsonaiekin egindako buruhandi konpartsa bat sortzen hasi dira.
Harremanerako, Facebook edo Instagram kontuak erabil daitezke. Bestela, webgune honetan informazio eta xehetasun guztiak kontsulta daitezke.