Enrike Lekuonaren omenezko beka deialdia, abian
'Itsasoa, Ondarea eta Euskara. Enrike Lekuona Ikerketa Beka' deialdia astelehenean zabalduko du Arma Plaza fundazioak.

Itsasoa, Ondarea eta Euskara. Enrike Lekuona Ikerketa Beka deialdiaren berri eman dute gaur goizean Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak eta Xabier Isasi EH Bilduren udal taldeko bozeramaileak. Astelehenean, hilak 19, zabalduko du Arma Plaza fundazioak beka deialdia, eta azaroaren 20ra arte aurkeztu ahal izango dituzte interesdunek eskabideak.
Alkateak azaldu duenez, “izenak argi erakusten duen moduan, itsasoa, ondarea eta euskara bere [Lekuonaren] bizitzan oso garrantzitsuak izan ziren hiru alor biltzen dituen beka deialdia da”. Eskerrak eman nahi izan dizkie, halaber, agintariak EH Bilduri eta gainontzeko udal taldeei ere mozioa aho batez onartu izanagatik.
Koalizio abertzaleko bozeramaile Isasi ere eskertuta agertu da Enrike Lekuonaren familiarekin, Arma Plaza fundazioarekin eta alkatearekin. COVID-19ak eragindako izurria medio, beka deialdia “atzeratu” izana deitoratu du, baina hala ere, asebete agertu da: “Pozik gaude aurrera atera delako”.
Horrez gain, Lekuonak itsasoarekin, ondarearekin eta euskararekin zuen lotura berretsi du Isasik: “Arrantzarekin erabat lotuta zegoen, ondarea ezinbestekoa zuen Aranzadi Zientzia Elkartearekin egindako lan handiek erakusten duten moduan, eta zeresanik ez, euskaltzalea. Haren bizitzaren hiru ardatz horiek ongi jasotzen dira ikerketa beka deialdian”.
Oinarriak
Enrike Lekuona zenaren omenezko beka Arma Plaza fundazioak kudeatuko duela baieztatu dute bi hautetsiek. Emandako zehaztapenen arabera, bi urtetik behin luzatuko da deialdia, eta hiru eremu horietako bat hautatuko da ikergai gisa deialdi bakoitzean. Hala, aurtengoan, itsasoa izango dela aztergai argitu dute Sagarzazuk eta Isasik. Hemezortzi hilabetez luzatuko da gehienez ikerketa eta 10.000 euro jasoko ditu trukean norbanako edo talde onuradunak. Ikerketa lana euskaraz izatea ezinbestekoa izango dela erantsi dute. Bertan xehetasun guztiak.
Bekaren nondik norakoei erreparatuta, “ekonomikoki ondo eutsita” dagoen ikerketa dela iritzi dio Isasik, “alorreko profesionalei zuzenduta eta epeek ikerketa serioak egiteko aukera ematen dute”. Hortaz, deialdiaren zabalpenean jarri du indarra: “Gaurtik hasiko gara ikerketa beka deialdiari ahalik eta hedapen gehiena ematen Euskal Herri mailan. Ea denok pozik egoteko moduko emaitza izaten dugun”.