Neskatilaren Nazioarteko Egunaren harira, adierazpena egin du udalak
Adierazpen horretan, generoen arteko parekidetasun erreala bermatzearen garrantzia agerian uztea eskatu dute adin txikietatik, "Munduko milioika neskatok egunerokoan beren adina eta generoarengatik diskriminazioren bat sufritzen jarraitzen dutelako".
Neskatilaren Nazioarteko Eguna izango da bihar, eta horren harira, Irungo Udaleko talde politiko guztiek adierazpen instituzionala egin dute. Adierazpen horretan, generoen arteko parekidetasun erreala bermatzearen garrantzia agerian uztea eskatu dute adin txikietatik, “Munduko milioika neskatok egunerokoan beren adina eta generoarengatik diskriminazioren bat sufritzen jarraitzen dutelako”.
Desberdintasun horietan sakontzea dakarrela pobreziak diote, halaber, eta hori larriagotu egin dela COVID-19arengatik, gizarte isolamendu neurriek eta zaintza lanak ugaritzeak emakume eta gizonengan eragin asimetrikoa izan duelako, “etxeko lan ez ordainduetara eraman ditu emakumeak, aurrez ezarritako genero rolak indartuta. Erasotzaileekin bizi diren biktimak gainera, denbora tarte luzeak erasotzaileekin eramatera derrigortu ditu, indarkeria jasateko arriskua areagotuta”.
Alderdi guztiek Espainiako Estatuko eta Europako araudia betetzeko konpromiso irmoa azaldu dute adierazpenean, eta 2030 Agendaren genero berdintasunarekiko zeharkako espiritua kontuan hartuta Irungo Udalak inor atzean ez uzteko konpromisoa hartu du. Horretarako bost konpromiso zehatz bildu ditu adierazpenera: Berdintasunaren alde eta adinagatiko eta generoagatiko diskriminazio mota guztien aurka egiten duten ahots gutziekin bat egingo du; neskek etorkizuna aldatzeko eragile gisa duten funtsezko eginkizuna aitortu du eta haiek ikusaraztea eta ahalduntzea defendatuko du; neskatila eta neska gazteentzako tokian tokiko partaidetza eta erabakiguneak sortzeko beste baliabide behar direla aldarrikatuko du; sexu eta adinaren arabera bereizitako datuak eskatu ditu haurren eta nerabeen eskubideak bermatzeko zer neurri behar diren identifikatu ahal izateko; eta azkenik, berdintasun arloko eskumenak erabiltzeko behar besteko finantzazioa bermatzeko eskatu du.
Adierazpena osorik,(gazteleraz eta euskaraz dago) hemen.