Gazteak eta drogak uztartuko ditu 'Zaldi Urdina' antzezlanak igandean, Itsas Etxean
Tekno jaialdi batean droga kontsumitzearen ondorioz heriotzarekin topo egiten duten gazte batek hasiera emango dio Artedrama, Axut eta Dejabu Panpin Laborategia antzerki konpainiek ekoitzitako dramari.
Ximun Fuchsen zuzendaritzapean, Zaldi Urdina antzezlana taularatuko dute Artedrama, Axut eta Dejabu Panpin Laborategia antzerki konpainiek igandean (hilak 11) Itsas Etxea auditoriumean, 19:30ean. Unai Iturriagak eta Igor Elortzak idatzitako antzezlanak, droga eta gazteak uztartuko ditu, tekno jaialdi baten erdian gertatutako heriotz bat tarteko. Antzezleen artean, besteak beste, daude: Ander Lipus, Manex Fuchs, Urko Redondo, Miren Alcala, Oier Zuñiga, Edurne Azkarate eta Olatz Beobide.
Sarrera orokorra 8 euroan dago salgai, eta 4 euroan, bestalde, 18 urtez azpikoentzat, Arma Plaza informazio gunean edo ondoko atari digitalean.
Sinopsia:
Aingeru, 17 urteko mutil gaztea, desagertu egin da, tekno jaialdi batean gazte bat bihotzekoak jota hil ondoren. Zaldi Urdina deitzen den droga berri batek eragin dio heriotza gazteari. Polizia Aingeruren bila dabil, trapitxeroa bera delakoan.
Amets, Aingeruren 22 urteko arreba errebeldea da, gaztetxe eta bizimodu osasuntsu zalea. Ikerketa bat hasiko du, Karmen amona eta Simon udaltzain traketsarekin batera.
Aingeru poliziek baino lehenago aurkitu behar dute, eta abokatu on batekin joan epaitegira. Astebeteren barruan, 18 urte bete baino lehen. Atzera kontaketa bat da.
Ikerketa amateurraren bidean gurutzatuko dituzte gazteriaren ondoezak eta ametsak, trafikanteen eta interes ekonomikoen boterea, indar polizialen konplizitatea eta politika baten aztarna.
Ondokoa da antzezlanaren trailerra: