Futbol Eskolaren beste ikasturte bat antolatu du HFEk
Koronabirusak eragindako krisiaren eraginez aurtengo eskola kolokan zegoen arren, futbolean ikasteko aukera izango dute azkenean 2009tik 2012ra bitarteko haurrek.
2020-2021 ikasturterako Futbol Eskola antolatzeko erabakia hartu du azkenean Hondarribia Futbol Elkarteak (HFE). 2009tik 2012ra bitartean jaiotako haurrei zuzenduta egongo da, astean behin entrenatuko dute, eta ekainaren 11ra arte luzatu egingo da.
Koronabirusak eragindako osasun krisia medio HFEren Futbol Eskola programa kolokan egon da, nahiz eta azkenean, “higiene eta segurtasun protokolo zorrotza” beteta aurrera egitea erabaki duten. Hortaz, “denon onura” bermatua izan dadin, protokoloak betetzen “laguntza” eskatu die elkarteak guraso zein kirolariei. Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena jaso bezain pronto ekingo diote entrenamenduei.
Izena emateko interesa duten lagunek HFEren sare sozialetan aurkituko dituzte bete beharreko inprimakiak eta eskainitako ordutegiak ere. Denak beteta elkartearen posta elektronikora igorri beharko dituzte. Taldetik ohartarazi dutenez, 2011n jaiotakoen astearteetako taldea beteta dago dagoeneko, baina asteazkenetan leku libreak daude oraindik.