Larunbateko «proportziorik gabeko indarkeria eta bortizkeria» salatu dute Moskun
Dozenaka gaztek erantzun zioten atzo Mosku Defendatu plataformak egindako deiari. Zenbait ertzain eta udaltzain gazte batzuen kontra oldartu zirela salatu dute, «bortizki» gainera.
Dozenaka herritarrek erantzun zioten atzo Mosku Defendatu plataformak egindako deiari. Elkarretaratze jendetsua egin zuten Urdanibia plazan, Indarkeria polizialik ez, auzoa defendatu lelopean. Helburua, larunbateko gertakariak salatzea. Izan ere, ertzain eta udaltzain talde bat auzoko gazteen kontra oldartu zela salatu dute egun hauetan, «bortizki» gainera.
Atzoko mobilizazioan ere Ertzaintzaren furgoi bat agertu zen, barruko denek, kaskoak, ezkutuak eta porra soinean zeramatela. Manifestariek «Alde hemendik utzi bakean» oihuekin jaso zituzten. Larunbatean ez bezala, atzokoan ez zen kargarik egon azkenean.
«Ezin dugu onartu larunbatean bizitu genuen egoera. Arrazoirik gabeko karga izan zen. Gau erdia pasatxo plaza inguruan Ertzaintzaren presentzia poliziala gero eta nabariagoa zen. Eta ez edonola, formazioan etorri ziren, egurra emateko gogoz», esan zuten atzokoan. 01:00etan «inongo abisurik gabe» Peña kalea zeuden gazteen kontra oldartu zirela gogoratu dute, «indar guztiekin, ezkutuak, porrak eta guzti». «Proportziorik gabeko indarkeria eta bortizkeria» ekintza gisa definitu dute larunbateko gertakaria.
Mosku gazte militante ugariren, aktibismo politikoaren, sorkuntzaren eta bizi nahi errebeldearen topagune izaten jarraitzen duela esan zuten atzokoan, «hiri gris eta askotan triste honetan». Horregatik «etengabeko jazarpena» pairatzen jarraitzen dutela diote amorruz, nahikoa dela oihukatu zuten. Amaitzeko, «errebelde bizi nahi duen auzoaren alde, Moskuren defentsan, bortxa polizialaren kontra, auzoaren defentsan eta gazteriaren kriminalizazioaren kontra» mobilizatzeko deia egin zuten. Mosku Defendatu plataformaren mobilizazioen berri jakin bezain laster, horren berri emango du HITZAk.