Gizarte Zerbitzuen lanaren balorazioa egin du Gotzone Larrarte zinegotziak
Irailera bitartean 193 Gizarte Larrialdietarako Laguntza eta 29 familia laguntza banatu ditu departamentuak, denera, 215.292 euro bideratuz.
Hondarribiko Udaleko Gizarte Zerbitzuen departamentuak 215.292,77 euroko diru-laguntzak eman ditu urtarriletik irailera bitartean. Hala jakinarazi du Gotzone Larrarte arloko zinegotziak gaur goizean emandako prentsaurrekoan. Areago, osasun larrialdi krisia hasi zenetik “Gizarte Zerbitzuen departamentuak etenik gabe” lan egin duela nabarmendu du hautetsiak.
Zabaldutako datuen arabera, Gizarte Larrialdietarako Laguntza (GLL) eskaerak ia bikoiztu egin dira iazko datuekin alderatuz gero; zehazki, 103tik 193ra. Kontzeptu honen aitzakiapean 180.981,34 euro banatu ditu udalak. Familia laguntzei dagokienez, bestalde, izurriaren garai txarrenetan eskaerek goia jo zutela eta ia bikoiztu egin zirela ere azaldu du Larrartek, iazko batezbesteko hamaika diru-laguntzetik 21era igaroz, guztira, 21.815,11 euroko aurrekontua erabiliz.
Hala eta guztiz ere, irailean soilik bi eskaera jaso dituztela nabarmendu du zinegotziak, nahiz eta neguan gerta daitekeenaren beldurra agerian utzi duen: “Baliteke beheranzko joera hau aldatzea”. Hortaz, udaleko Gizarte Zerbitzuak herritarrei laguntza emateko prest daudela aditzera eman du, eta beharra dutenei 943 11 12 91 telefono zenbakira deitzera animatu ditu.