Moskura, «bortxa polizialaren eta gazteriaren kriminalizazioaren kontra»
Joan den larunbatean hainbat udaltzain eta ertzain gazte talde baten kontra oldartu zirela salatu du Mosku Defendatu plataformak. Erasoa salatzeko elkarretaratzea antolatu dute gaurko.
Herritar talde batek salatu berri duenez, gazte bat atxilotu eta beste hainbat jipoitu zituzten joan den larunbatean zenbait udaltzain eta ertzainek Irunen, Mosku inguruan zehazki. Tabernak itxi eta gero gertatu zen erasoa, eztabaida baten ostean. «Larunbat gauean Moskun gertakari oso larriak jazo ziren. Ertzaintzak berriz ere, “zaintza” eta bortizkeria bereizteko zailtasun nabarmenak dituela erakutsi zuen», esan dute larunbatekoa salatzeko sortu berri duten Mosku Defendatu izeneko plataformako kideek. Helbide elektroniko hau jarri dute herritarren eskuetara, testigantzak biltzeko asmoz.
«Gauerdia pasatxo, plaza inguruetan Ertzaintzaren presentzia poliziala gero eta nabariagoa zen. Ez ohikoa, poliki-poliki ari baitziren Lakua-ko morroskoak. Eta ez edonola, formazioan. egurra emateko prest. Denbora hartu zuten berotzeko, eta beren lekua hartzeko. Ez ordea inongo abisurik edo oharrik helarazteko bertan zeuden gazteei. 01:00 puntu puntuan, inongo aurretikako iskanbilarik gabe, segurtasun indarrak arriskua banatzen hasi ziren», azaldu dute haserre.
Mosku Defendatu plataformako kideek erantsi dute kargen aurretik ez zela inongo «ekintza aldarrikatzailerik egon», beraz, honako galdera egin diete bertaratutako poliziei: «zertara datoz dena nahastu nahi hori?».
Mosku gazte militante ugariren, aktibismo politikoaren, sorkuntzaren eta bizi nahi errebeldearen topagune izaten jarraitzen duela diote herritarrekin elkarbanatutako irakurketan, «hiri gris eta askotan triste honetan». Horregatik etengabeko jazarpena pairatzen jarraitzen dutela diote amorruz.
Mobilizazioa gaur
Horregatik guztiagatik, «Moskuren defentsan, bortxa polizialaren kontra, auzoaren defentsan eta gazteriaren kriminalizazioaren kontra» mobilizatzera deitu dituzte irundarrak gaur. Moskun bilduko dira, 20:00etan. «Alai, errebelde eta elkarrekin bizi nahi dugu auzoan. Indarkeria poliziala Moskutik kanpora!», erantsi dute.