'Herensugeren madarikazioa', Trikuharri elkartearen lehen ipuina
Euskal Herriko mitologian sakondu dute argitalpenean, haur zein helduei modu dibertigarri eta entretenigarri batean kontatzeko. 5 euroan eskura daiteke jada.
Irungo Trikuharri Elkarte Soziokulturalak haurrentzako lehen ipuina kaleratu du, elkartea sortu eta oso gutxira gainera (irailean hasi zuten bidea), Herensugeren madarikazioa titulupean. Euskal Herriko mitologian sakondu dute ipuinean, haur zein helduei modu dibertigarri eta entretenigarrian kontatzeko. Ipuinean kontatzen dena aldiz, Survival Night izeneko egitasmotik atera dutela zehaztu dute elkartekoek, osasun egoeragatik bertan behera utzi behar izan zuten hura.
Ipuinak arrantzale baten eta sirena baten arteko amodioa kontatzen du, «haur zein helduak berehala harrapatuko dituen istorioa» da sortzaileen ahotan. Txemi Moreda Artola elkarteko presidenteak sortu du testua, eta ilustrazioak aldiz, David Alonsorenak dira. Argitalpenerako, Koldo Susperregi eta Juli Gamboaren laguntza jaso dute.
Ipuina dagoeneko eskura daiteke, bost euroan, Papel y + liburu dendan. Informazio eta xehetasun gehiago, esteka honetan.
Baina ez da azkenaldian elkarteak landu duen egitasmo bakarra izan. Hilaren 15ean (osteguna da) 8 giltzak izeneko altxorraren bila moduko jokoa kaleratuko dute. Familiartean gozatzeko ginkana moduko bat da, kalean jokatzekoa. Familia, laguntasuna, errespetua, etika, eta ingurumenaren zaintza bezalako balioak transmitituko dituzte.