[Aurrerapena] Gernikako Arbolatik urtebetera
Urtebete bete da gaur Guztion Alardea taldeak Gernikako Arbolaren azpian ateratako argazkitik. Positiboki baloratu dute unean sortutako erreakzio sorta, nahiz eta oraindik ere elkarrizketarako baldintzak ez ematea deitoratu duten.
Urtebete igaro da Alarde Fundazioko gazte talde batek konponbiderako bidean aurrera urratsa egin zuenetik. Laurogei bat gaztek bat egin zuten Hondarribiko Alardeko kideentzat sinbologia berezia duen Gernikako Arbolaren azpian, eta argazki bat atera zuten bertan. Ez hori bakarrik. Ondoko esaldia jasotzen zuen komunikatua plazaratu zuen Guztion Alardea izenarekin ezagutarazitako taldeak, irudiarekin batera: “Hondarribiko emakume bakar batek alardean modu batean zein bestean dela parte hartzeko nahia badu, eskubide osoa du”.
Euskal Herriko komunikabideetako azalak eta titularrak bete zituen gazte taldeak. Haien aurrerapausoak oihartzuna izango zuela argi zuten arren, ez zela “horrenbesterako” izango uste zutela onartu du Ainhoa Otaño taldekideak. Harrezkero, hondarribiarren arteko haustura sozialak beste mota bateko kutsua hartu zuen.
Haien balorazioak, iritziak eta inpresioak jasotzeko helburuarekin, Guztion Alardea taldeko hainbat kiderekin bildu da HITZA urteurrenean, eta Otañoz gain, Fabian Alza, Aintzane Berrotaran, Ander Solaegi eta Iker de la Linde gazteak ere gerturatu dira hitzordura.
Denek ala denek onartu dute argazki hark sortutako oihartzun mediatikoak orotariko iritziak azaleratu zituela, horietako gehienak “positiboak” Alzaren esanetan, nahiz eta Otañorekin batera nabarmendu duenez, horietako batzuk “gogorragoak” edota “mingarriagoak” izan ziren. Ildo horretan, ekintza horrek eztabaida “oso gogorra” sortu zuela uste du Solaegik, baina oro har, De la Lindek laburbildutako moduan, “polita izan da sentsibilitate guztietatik erreakzio positiboak jaso izana horrek asko esaten baitu gure ustez”.
Erreakzio horiek guztiek, ordea, ez zutela eragileen arteko aurrerapausorik eragin deitoratu du gazte taldeak aho batez. Instituzioak, eta bereziki Hondarribiko Udala, “motel” doala uste dute. Tokiko gobernuaren esku hartzea Jenny Pearce bitartekariak sortutako elkarrizketa mahaira mugatzen da haien iritziz, “nahiz eta motel joan edo geldirik egon”, erantsi du Alzak. Irudi hartatik urtebetera udal gobernutik jasotako erantzun bakarra “gurekiko errespetua zegoela” zioen komunikatu bat izan dela argitu du Solaegik…
Guztion Alardea taldeak urtebete honen inguruan egindako balorazioaren eta inpresioen inguruko erreportajea argitaratuko du HITZA-k ostiralean, papereko edizioan zein Interneten.