2021. urteko egutegia osatzeko argazki lehiaketa abiatu du udalak
Hondarribiarekin lotutako momentu bereziren bat islatu beharko dute aurkeztutako argazkiek. Hil honen bukaerara arte zabalik egongo da parte hartze epea.
Hondarribiko Udalak 2021. urteko egutegia osatzeko argazki lehiaketa martxan jarri duela jakinarazi du gaur Maria Serrano Ekonomia, Merkataritza eta Turismoaren sustapenerako zinegotziak. Zabaldutako informazioaren arabera, Hondarribiarekin lotura duen momentu bereziren bat islatu beharko dute lehiaketara aurkeztutako irudiek. Hil osoan zehar parte hartzeko aukera izango dute interesdunek.
“Iaz 2020rako Hondarribia marka berria sortu genuenean iruditu zitzaigun marka etxean sartzeko modu erraza eta zuzena zela egutegia”, azaldu du Serranok. Izan ere, urte osoko argazki lehiaketak bertan behera geratu dira izurriaren ondorioz, eta beraz, “pentsatu dugu polita izango zela bi gauza hauek uztartzea: batetik, egutegi berri bat ateratzea Hondarribia marka barneratzen jarraitzeko, eta bestetik, argazki lehiaketa bat egitea jakinda, argazkilari profesionalez aparte argazkilaritzan ibiltzen diren pertsona asko daudela”.
Argazki irabazleak udalaren egutegian publikatzeaz gain, 100 euroko hamabi sari eta Hondarrbia markarekin sortutako hainbat produktu (boligrafoak, koadernoak, poltsak…) ere banatuko dituztela azaldu du zinegotziak. Hainbat argazkilari profesionalek osatuko dute epaimahaia.
Hori horrela, parte hartu nahi duten lagunek Hondarribiko Udalaren webgunean kontsultatu beharko dituzte oinarriak. 3.000 bat egutegi izango dira udalak prestatutakoak denera, eta BAZ bulegoan jaso ahal izango dira abenduko zubiaren inguruan.