«Irunen ez dago benetako aukerarik eguneko 24 orduetan Gizarte Larrialdietako Zerbitzua ezartzeko»
Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza taldea Gizarte Larrialdietako Zerbitzua ezartzeko aukeraz aritu da, zerbitzuak jokatu dezakeen papera aztertuz. Ahuleziak eta indarguneak identifikatu dituzte.
Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza taldea Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzua ezartzeko aukerari buruzko azterlanaren gaineko balorazioa egin du, hedabideei bidalitako ohar batean azaldu dutenez. Zerbitzuak jokatu dezakeen papera aztertu dute gertutik, gabezi eta indarguneak identifikatuz. «AMIA motako analisia egiten da txostenean eta horrelakoetan ohikoa denez, aztertutako gai zehatzei buruzko ondorioak emateaz gain, aztertzen den zerbitzuaren ahulguneak eta indarguneak aurkezten dira», azaldu dute taldeko kideek.
Ikerketa honen arabera, taldekoek diote argi geratu dela Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzua ezartzea aldundiak eskaintzen duen zerbitzuarekin «gatazkan» sartuko litzatekeela. Finean, ez lituzkeela nahikoa erabiltzailerik izango haren kostua justifikatzeko. Beraz, ondorioa garbia da: «Ikerketak ez du zalantzarik uzten: Irunen ez dago benetako aukerarik eguneko hogeita lau orduetan, asteko zazpi egunetan Gizarte Larrialdietako Zerbitzua ezartzeko.
Ikerketak ere «egungo gizarte zerbitzuen sistemaren ahulezia asko» plazaratu dituela diote. Indarkeria matxistaren biktimen kasuetan ere gabezi asko ikusi dituzte taldekoek, eta migratzaileen arretan ere gehiago egin behar dela uste dute.
Pozik azaldu dira taldeko kideak, Irungo gizarte zerbitzuen «benetako egoera» ezagutu baitute. «Argi ikusten dugu txostenak gure gizarte zerbitzuen irudi kezkagarria ematen digula. Indarguneak zerrendatu genitzakeen, baina horrek autokonplazentziarako baino ez liguke balioko, eta gai hauetan, zalantzarik gabe, edozein ahulezia bonba bihurtu daiteke, eta kaltetuenak gure gizarte pertsonarik ahulenak izango lirateke», erantsi dute. Amaitzeko, ahulezia horien konpontzeko «etengabe lanean aritzeko» konpromisoa hartu du Elkarrekin Podemos-Ezker Anitzak.