Ficab-en hogei urteak ospatzeko edizio berezia antolatu dute
Azaroaren 16tik 22ra bitarte luzatuko dute aurtengo arkeologia film jaialdia, neurri bereziekin noski. Dagoeneko 64 film jaso dituzte, eta horietatik 25 hautatu.
Irungo Udalak eta Oiasso Erromatar Museoak aurtengo Ficab Zinema Arkeologikoaren Nazioarteko Jaialdiaren xehetasunak aurkeztu dituzte gaur. Hogei urte beteko ditu jaialdiak, beraz, edizio indartsua prestatu dute ibilbide luzea behar bezala ospatzeko. Azaroaren 16tik 22ra bitarte luzatuko dute aurtengoa, neurri bereziekin noski. Beti bezala, Amaia KZ jasoko ditu proiekzio gehienak, baina Donostiako Aquariumean ere zenbait egingo dituzte, ur azpiko arkeologia filmak bereziki.
65 film jaso dituzte dagoeneko, mundu osotik heldutakoak. Georgia, Kongo, Australia, Brasil, Egipto, Iran… Guzti horietatik 25 aukeratu dituzte, gehienak Frantzia eta Espainiatik jasotakoak, eta denak azaroko proiekzioetan ikusgai izango dira.
Goiz eta arratsaldez eskainiko dituzte emanaldiak. Goizeko saioak hiriko haur eta gaztetxoei begirakoak izango dira, heziketa saio moduko bat egingo dute egunero ikastetxe ezberdin batekin. Arratsaldean aldiz, helduentzako emanaldiak izango dira, 17:00etatik 19:00etara. Nola ez, osasun neurri zorrotzak hartuko dituzte, eta edukiera mugatua izango da.
Berezitasun bezala, Oiasso Erromatar Miseoak zinema saio bereziak eskainiko ditu, 3-D formatuan.
20 urteko ibilbidea
Ficab jaialdia 2001an sortu zuten, ikus-entzunezkoak baliatuz arkeologiaren munduko azken aurkikuntzen berri emateko asmoz. Ordutik, 450 film baino gehiago proiektatu dituzte, eta 15.000tik gora ikuslek gozatu dute horiekin.