Bukatutzat eman du Osasun Sailak Casa Manolorekin lotutako PCR proba bilketa
Seiehun bat PCR proba aurreikusi arren, laurehundik gora lagun izan dira azkenean auditoriumera gerturatutakoak. Azken 24 orduetan hiru positibo berri izan dira Hondarribian.
Atzo ezagutarazi zuen Osasun Sailak Amute auzoko Casa Manolo jatetxean izan zitekeen COVID-19 agerraldi batekin lotutako kezka, Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak jakinarazi zuenez. Kutsatze komunitarioa egon zitekeela ondorioztatuta, hilaren 19tik 26ra bitartean bertan izandako bezero guztiak PCR testa egitera deitu zituen. Atzo arratsaldeko 15:00etan ekin zioten baheketari, eta gaur goizean bukatutzat eman dute, hainbat komunikabidek plazaratu dutenez.
Seiehun bat lagun zeuden deituta froga egitera, nahiz eta laurehundik gora egin duten azkenean. Iturri horien arabera, datozen orduetan ezagutaraziko ditu Osasun Sailak test masiboen emaitzak eta positibo kopurua.
Osakidetzak egunero plazaratutako koronabirusaren eboluzioaren gaineko txostenak dioenez, hiru izan dira azken orduetan Hondarribian baieztatutako positiboak.