Ez-festak girotzeko argazki lehiaketa antolatu dute Amute-Kostan
Osasun egoera medio aurtengo Amute-Kostako jaiak bertan behera uztea erabaki du auzo elkarteak. Hala ere, bi ekitaldi antolatuko dituztela aurreratu dute.
Osasun gomendio eta aginduei jarraituz, Amute-Kosta auzo elkarteak aurten ez dela jairik izango baieztatu du komunikabideetara igorritako ohar baten bidez. Hala ere, jaiekin lotutako ekitaldi pare bat mantenduko dituela aurreratu du bizilagun elkarteak, horien artean lehena, asteburu honetarako aurreikusitako argazki lehiaketa (bigarrenari buruz ez dute zehaztapenik eman, momentuz).
Urriaren 2tik urriaren 3ra 18:00etatik 18:00etara zabalik egongo da lehiaketan parte hartzeko epea, eta hiru kategoria ezberdinetan egin ahal izango dute interesdunek: argazki zaharra, dibertigarria eta artistikoa. Irudiek Amute-Kostarekin harremana izango beharko dute.
Hori horrela, parte hartu nahi duten lagunek bost argazki aurkeztu ahal izango dituzte denera, eta horiek guztiak 688 85 92 21 telefono zenbakiko Watsapp aplikazioaren bitartez helarazi beharko dizkiote epaimahaiari. Ondokoak dira auzo elkarteak txapelketan parte hartzeko ezarritako baldintza orokorrak:
- Argazki guztiak urriaren 3ko 18:00etatik aurrera argitaratuko dira.
- Elkartearen Whatsappeko taldean ere argitaratuko dira irudiak.
- Epaimahaikideei aurkeztuko dira.
- Hiru kategorietan saritutakoak ezagutaraziko dira.
- Sari banaketa gauzatu dela jasota geratuko da.
- Parte-hartzaile guztiak urriaren 4an, igandearekin, egingo den zozketan parte hartuko dute.
- Taldea soilik argazki lehiaketarekin eta igandeko zozketarekin lotutako gaietarako erabiliko da.
- Lehiaketako epaimahaiak edozein zalantza argituko du.
- Gehienez ere 7 egun igaro ondoren, taldea ezabatu egingo da