Euskal organista onenetarikoarekin omenduko dute Azkue
Thomas Ospitalek organo kontzertuak emango ditu Hondarribian eta Irunen, Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdiren laguntzarekin.
Asteburu honetan egingo da Jose Manuel Azkue zenaren omenezko memoriala, zazpigarren aldiz. Egungo euskal organo jolerik onenetakoa —onena ez bada— gonbidatuko dute Oiartzungo Organozaleen Elkartekoek: Thomas Ospital (Aiherra, Baxe Nafarroa, 1990).
Ez da protagonista bakarra izango. Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi bertsolariek ere beren ekarpena egingo diote Azkue Memorialari. Antolatzaileek adierazi dutenez, entseguetan ikusi dute saio “ausarta eta entzungarria” izango dela.
Aurreko urteetan bezala, bi kontzertu emango dituzte, bata Irunen eta bestea Hondarribian. Oiartzunen ez da saiorik egongo, Cavaille-Coll organoa mantenu lanetan baitago.
Hondarribiko kontzertua alde zaharreko parrokian izango da, larunbatean —hilak 3—, 19:00etan hasita. Irungoa, berriz, hurrengo egunean izango da, ordu berean. Junkal elizan arituko dira Ospital, Lujanbio eta Alberdi.