«Moriako krisi humanitarioari erantzun aktiboa emateko» EH Bilduk erregistratutako mozioa onartu dute
Joan den astean aurkeztutako mozioa onartu dute gaurko Udalbatzan. Besteak beste, iheslariak hartzeko eta integratzeko harrera planari eusteko konpromisoa berretsi dute onarpenarekin.
Joan den astean Irungo EH Bilduk erregistratutako mozioa onartu dute gaurko Udalbatzan, Lesbos (Grezia) irlako Moria kanpalekuko egoeraren harira. Azkenaldiko suteekin eta bertan dauden 13.000 errefuxiaturen egoera sostengaezinarekin kezkati azaldu dira azken egunotan koalizio subiranistako kideak, eta «tragediaren aurrean jarrera aktiboa eta solidarioa» izateko premia nabarmendu dute.
«Lau sute txikirekin hasi zena sute erraldoi bihurtu zen, Europako errefuxiatuen esparrurik handiena errez. Atzoko datuen arabera, 35 pertsona errefuxiaturen positiboa baieztatu zen, COVID19 birusaz, eta beste 125 pertsona berrogeialdi hertsia egiten ari ziren. Horrelako eremu batean ezinezkoa da segurtasun neurriak aurrera eraman ahal izatea, ezta gutxieneko distantzia mantentzea ere, higiene neurriak bermatzea», esan dute gaurko Udalbatzan.
Bide batez, Lesbos irlan egunerokoan buru-belarri ari diren Zaporeak-eko boluntarien lana txalotu eta eskertu nahi izan du Jokin Melida bozeramaileak: «Bertan, errefuxiatuen alde, elkarte gutxi daude lanean. Horietako bat Zaporeak da eta bere lana eskertu eta bere ahotsa ekarri nahi izan dugu udalbatza honetara». Horri lotuta, egun hauetan abiatutako janari bilketan parte hartzera animatu ditu irundarrak.
Onartutako mozioarekin, honakoa adierazi dute Irungo Udalaren izenean:
- Irungo Udalak “harrera hiritzat” du bere burua, eta elkartasuna adierazi nahi die haien bizilekuetatik alde egin beharrean diren pertsonei. Eta gatazka politiko eta militarretatik ihes egiten duten pertsona errefuxiatuak hartzeko prestutasuna adierazten du, baita konpromiso bera duten beste erakundeekin lan egitekoa ere.
- Irungo Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bat, iheslariak hartzeko eta integratzeko harrera planari eusteko konpromisoa berresten du, eta xede horretarako estrategiak, programak eta baliabideak zehaztuko ditu, baita erakundeen eta gizarte antolakundeen arteko elkarlanerako esparruak ere.
- Irungo Udalak Espainiako Gobernuari eta Europako erakundeei eskatzen die har ditzatela premiazko neurriak krisi humanitario honi erantzun aktiboa emateko, elkartasuna eta justizia oinarrian direla, eta politika bateratu bat egin dezatela immigrazio eta asilo arloan, pertsonei lehentasuna emanez eta giza eskubideen zaintza bermatuz. Gerra hauetatik ihes egiten duten edo tragedia hau aprobetxatzen duten mafien biktima diren pertsonak hartzeko beharrezko bitartekoak bidera ditzatela eskatzen die.
- Irungo Udalbatzak Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari Moriako tragediaren aurrean jarrera aktiboa eta solidarioa har dezatela eta haren ondorioak arintzeko eskura dituzten bitartekoak bidera ditzatela eskatzen die.