Matrikulatzeko epea zabaldu berri du Irungo AEK Euskaltegiak
Maila guztietako euskara klaseak eskainiko dituzte aurten ere bai, egungo egoerari egokituta noski. Hilaren 30era bitarte egin daitezke izen emateak.

Irungo AEK Euskaltegiak dena prest du ikasturte berrirako. Matrikulazio epea zabaldu berri dute, eta hilaren 30era bitarte izena emateko aukera dagoela iragarri dute euskaltegiko irakasleek. Helbide honetara idatziz edo 943 62 88 34 telefono zenbakira deituz egin beharko dira izen emateak. Ikasturteari urriaren 5ean emango diote hasiera, eta 2021eko ekain amaiera bitarte luzatuko dute.
COVID-19agatik, gainera, aurtengoa ikasturte ezohikoa izango dela azaldu du Irungo AEK-ko zuzendari Beñat Altzagak. 8-10 laguneko taldetan banatuko dituzte ikasleak, eta klaseetan musukoa eramatea derrigorrezkoa izango da.
Maila guztietako euskara klaseak (C2a barne) eskainiko dituztela jakinarazi du Altzagak. Era berean, euskararen erabilerari bultzada emateko mintza saioak ere izango direla iragarri dute. Mahai baten inguruan bilduko dira ikasleak, kaleko euskara ikasi eta praktikan jartzeko. Saio hauek goiz zein arratsaldez egingo dituzte, astean bitan.
Hiru ikastaro mota eskainiko dituzte aurten ere bai: astean bost (299 euro), sei (380 euro) eta bederatzi (519 euro) ordukoak.