8.000 erabiltzaile baino gehiago jaso dituzte udan San Martzial-Txingudiko igerilekuek
Positiboki baloratu du udalak uda ezohiko honetan igerilekuek jasotako herritar kopurua. Hilaren 15ean itxi zituzten.
Irungo Udaleko Kirol saileko ordezkari Borja Olazabalek San Martzial-Txingudi igerilekuek udan utzi dituen datuen gaineko balorazioa egin du gaur. Datuei erreparatuta, 8.000 erabiltzaile baino gehiago jaso dituzte azken hiru hilabeteotan, hilaren 15era bitarte(orduan itxi zituzten). Zehazki, 8.462 erabiltzaile (3.750 goizetan eta 4.712 arratsaldetan) busti dira uda honetan.
«Uda ezohiko honetan, familia asko igo dira aire zabaleko instalazioez gozatzera. Beti ere segurtasun neurriak kontuan hartuta, igerilekuek plan atsegingarri eta dibertigarria eskaini dute», esan du Olazabalek. Gehienez 150 lagun bertaratu ahal izan dira, osasun neurriak bermatzeko.
Era berean, San Martzial-Txingudiko padel eta tenis pistek zabalik jarraitzen dutela gogoratu du ordezkariak. Astelehenetik ostiralera 17:00etatik 21:00etara eta asteburuetan 10:00etaik 14:00etara daude erabilgarri.