PSE-EEk dio doako interneterako sarbiderik ezean, eten digitalak areagotzen jarraituko duela
Udal espazioetan wifi librea izateko 12.000 euroko diru zatia oraindik ez dela martxan jarri azaldu du Iosu Alvarez sozialistak.
Herriko kobertura mugikorrentzat eskasa dela esan du bozeramaileak, zerbitzu hobeago baten beharra nabarmendu nahian. Gaineratu du udal espazioetan wifi librea izateko 12.000 euroko diru zatia oraindik ez duela martxan jarri udal gobernuak.
Bere hitzetan, aspaldiko kontua da kobertura eskasarena baina oraingoan osasun krisiak ageriago utzi du irisgarritasun hobe baten beharra.
Eten digitala bai ikasleen eta bai langileen artean nabaria dela uste du Alvarezek. Udalak ikasleei ruterrak eta konexiodun sim txartelak erraztu ditzala eskatu du, ikasleak eskolan hasi ahal izatea eta ikasteko aukera berdinak izatea baitira bere kezka nagusiak.
Halaber, herritar batzuei administrazioarekin harremanetan jartzea “korapilotsua”suertatzen zaiela adierazi du,erreminta teknologikoen jakintza urria dutelako. Sozialistak esan du konektatuta ala ez egoteak izugarrizko diferentzia eragiten duela laguntzak lortzeko, lana bilatzeko edota negozio bat irekitzeko tramiteak egiterakoan.
Hori dela eta, KZgunean jarraipen zerbitzua ezarri dezan eskatu dio udal gobernuari, tramite hauek gauzatzeko laguntza behar duten herritarrentzat.