Euskotreneko plaza Hondarribiarentzat, gaurko garaipena Hibaikarentzat
Hondarribia Euskotren Ligako partaide izango da 2021 sasoian, play-offa irabazi duelako. Hibaikak lan oso txukuna egin du, gaur irabaziz.

Bukatu da Euskotren Ligan 2021eko sasoian aritzeko play-offa. Atzoko eta gaurko estropadek emandakoaren arabera, Hondarribiak garbi lortu du Euskotren Ligan aritzeko plaza, eta nabarmendu behar da Hibaikak egin duen lan oso ona, gaurko erlojuaren kontrakoa irabazi duelako adibidez.
Atzokoaren ondotik, Hondarribiak bazuen nolabaiteko aldea gaur lasaiago ibiltzeko; konfiantzarik gabe, baina erosoago. Gainera, atzo bigarren izan zen Tolosaldeari zigorra ezarri diote epaileek (10 segundokoa), irteerako estatxa egoki ez hartzeagatik. Gauzak horrela, eta beti denboren kontrol zorrotza eramanez, gaurkoan bigarrena izan da Hondarribia Hibaikarekiko ia bi segundoko aldearekin. Merezitakoa izan da, beraz, berdeek lortu dutena: sasoi zaila izan arren, behar zen unean eta tokian erakutsi dute goi mailan egoteko trainerua dutela. Ea hurrengo urtean estuasunik gabe izaten diren, merezi dutelako eta lasai ibiltzea, batez ere kuadrilla gazteak sendotasuna hartu, eta helburu potologoei begira jartzeko. Bigarren play-offa segindan irabazi dute hondarribiarrek.
Play-off izugarri ona egin du Hibaikak. Atzokoan oso txukun ibili ziren errenteriarrak nahiz eta hirugarren izan, eta gaurkoan ohorez eta esfortzuz lortu dute estropada irabaztea. Ez da nahikoa izan, ordea. Baina ken diezaietela Madalen ontzikoei atzean hiru traineru indartsu atzean uztearen sentsazioa. Hibaikak ere oso eskifaia gaztea du, eta aurtengoan beharbada igoeraren alde borrokatzeko aukera handiegi gelditzen bazitzaien ere, prestatu daitezela hurrengo urtean beste traineruak Hibaikak eman dezakeen mailara. Amesteari ez diote utziko, baina amesteko ahalegina eta konpromisoa behar dira. Eta Hibaikakoek hori badute.
Gogoetarako gaia: Euskotren Ligan lau traineru dabiltza, eta ondorioz, hara igotzeko (edo mantentzeko) plaza bakarra dago. Oso zaila da, batez ere ETE Ligatik edo Galiziatik datozenentzat koska bat gora egitea. Horrek frustrazioa eragin dezake beheko mailetan oso gogor dabiltzan traineruentzat.
Euskotren Ligako play-offa. Bi jardunaldietako emaitza metatuak.
- Hondarribia 22.08.22 eta 7 puntu.
- Hibaika 22.23.28 eta 6 puntu.
- Tolosaldea 22.25.02 eta 5 puntu (gaurko estropadako zigorra erantsi behar zaio denbora horri).
- Cabo 23.01.04 eta 2 puntu (gaurko estropadako zigorra erantsi behar zaio denbora horri).