Hondarribiak eman du lehen kolpea emakumeen play-offean
Lau traineruen artetik lehena izan da, baina Tolosaldeari segundo eta 46 ehuneneko aldea atera dio bakarrik. Bihar erabakiko da dena.
Euskotren Ligako play-offaren gaurko lehen jardunaldian Hondarribiak lehen kolpea eman du. Tolosaldearen, Hibaikaren eta Caboren aurretik gelditu da, erlojuaren kontrako estropadan, beraz, lehena izan da. Hala ere, bigarren izan den Tolosaldeari segundo eta 46 ehuneneko aldea atera dio. Lau puntu gaur Hondarribiarentzat, hiru Tolosaldearentzat, bi Hibaikarentzat eta bat Caborentzat.
Hirugarrena Hibaika izan da, berdeetatik 17 segundora. Azkena, berriz, Cabo, 20 segundo geroago bukatu du gaurko lana.
Beraz, biharko bigarren jardunaldian erabakiko da Euskotrenen 2021ean izateko plaza norentzat izango den. Portugaleten da kanporaketaren bigarren eguna, 11:40an hasita.
Bihar Hondarribia lehena bada, plaza euren eskuan dute. Bigarren bada, gaurko denborak kontuan hartuko dira. Segundo eta 46 ehuneneko ez dira asko. Hibaikak eta Cabok ia ezinezko dute txartela eskuratzea.
Gaurko denborak:
- 1. Hondarribia 11.36.35
- 2. Tolosaldea 11.37.82
- 3. Hibaika 11.53.24
- 4. Cabo 11.56.24