Bi puntu, urteetan gogoratzeko sasoia izateko aldea
Gaur eta bihar 2020ko Eusko Label Ligako azken bi estropadak ditu Hondarribiak. Bi puntuko aldea ateratzen dio Santurtzik sailkapen nagusian.
Bi puntu. Horiek dira Santurtzik Hondarribiari Eusko Label Ligan ateratzen dizkionak. Eta bi estropada aurretik, gaurkoa Bermeon (19:00ak inguruan, lehenengo play-offak daude) eta bihar Portugaleten (12:40ak inguruan). Hondarribiak gogoratzeko moduko sasoia egin dezake aurten, behin hirugarren Kontxa jarraian arraun elkartearen egoitzan izanda, Eusko Label Ligako irabazle denaren Caixabank Koroa eskuratzeko aukera sendoa duelako. Baina bi puntu atzetik doa.
Dena dela, Hondarribiak ez du inoren emaitzaren zain egon behar. Bi estropadetan Santurtzi atzean uzten badu, liga berdeena da. Sotera ontzia atzean postu bat baino gehiagogatik gelditzen bada, hobe. Azken aurrekariak: bai Kontxako estropadarako sailkapen estropadan, zein bandera horren bi igandeetan aurretik izan da Hondarribia Santurtzirekiko. Beste datu bat: bi traineruek puntutan berdinduta bukatuko balute igandeko estropada, koroa Hondarribiarentzat litzateke ligan sei bandera irabazi dituelako, eta hiru Santurtzik.
Gutxi dirudite bi puntuk. Baina ligan behintzat asteburu zoroak izan dira batzuk. Gaur hasiko denean Hondarribiak uztailaren bigarren erditik azaldu duen sendotasuna eta erregulartasuna azaldu behar du liga irabazteko.
Hirutan irabazi du Traineru Kluben Elkarteak (TKE) antolatzen duen liga gorena (orain Eusko Label Liga izena du) Hondarribiak, 2006an, 2014an eta 2015ean. 2003. urtetik (orduan hasi ziren TKEren barruko ligak), Kontxa bost alditan irabazi du Ama Guadalupekoa traineruak, 2005ean, 2013an eta 2018tik 2020ra. Hau da: urte berberean, behin ere ez ditu irabazi Hondarribiak liga nagusia eta Kontxa. Aurten badu aukera. Joera hori hausteko garaia da. Bi puntutan dago urteetan gogoratzeko moduko sasoiaren muga.