«Moriako errefuxiatuek nahikoa dela oihukatu dute»
Greziako Lesbos irlako Moria errefuxiatuen kanpamentuan jarraitzen du irundarrak. Joan den asteko suteaz eta egungo egoera «sostengaezinaz» aritu da.
Malen Garmendia irundarrak Moriako kanpamentuan azken egunetan gertatu direnen gaineko gogoeta egin du elkarrizketan. Zaporeak egitasmoko koordinatzailea Grezian dago egun.
Sutetik ia astebetera (astelehenean elkarrizketatu zuen HITZAk), nolakoa da Moriako egoera?
Lehenik sute hau nondik datorren ulertzea beharrezkoa da. Tortura espazio batez ari gara Moriaz hitz egiterakoan. Ez dago ur punturik, ez dute espazio segurutik, ez hezkuntzarik, eta are gutxiago kalitatezko elikadurarik. Jendeak urteak daramatza kanpamentuan, asilo prozesuak gelditu dituzte, eta hainbeste denboraz horrelako eremu batean bizitzea gizagabea da erabat. Moriak darama konfinatuta sei hilabete baino gehiago, eta horrek esan nahi du bertakoek ez dutela ateratzeko aukerarik, herrira joateko sikiera. Mugimendua blokeatzeak tentsio asko eragin du, eta argi utzi du giza eskubideen etengabeko urraketa. Horrek zer dakar? Jendearen tentsioa.
Gero, Greziako gobernuak erabaki zuen Moria ixtea, eremua hesituko zuela esan zuen. 2.500 pertsonentzako zen eremu batean 13.000 lagun daude egun. Gainezka egin du egoerak. Beti esan izan dugu eztanda egingo duela edozein momentutan, beti ikusi baitugu opresio hori, migratzaileek jasaten duten hori. Eta azkenean iritsi da eguna.
Beraz, protesta modura egin dute ekintza, ezta?
Hori da, bai, migratzaileek nahikoa dela oihukatu dute ozen. Kanpamentuko pertsona batzuek, egoerarekin nazkatuta eta arrazoi guztiarekin, eremuari su ematen hasi ziren. Esan beharra dago ez zirela denak izan, ezta gutxiago ere, asko sorpresaz harrapatu zituen albisteak. Sutea nahi baino handiagoa izan zen, eta lehenengo egunean Moriako %70a erre zen. Administrazioak, mediku zerbitzuak… Dena suntsitu egin zen. Beraiek bakarrik ebakuatu behar izan zuten euren burua, autoritateen aldetik ez baitute sekula laguntzarik jaso, eta oraingoan ere ez.
Ondorioz, telebistan agertu diren irudi horiek errepikatu dira ordutik, milaka lagun kalean…
Bai, ikaragarria izaten ari da. Sutea hasi bezain laster gauza pertsonalak hartu eta Mitilene hiriko zentrora joaten saiatu ziren, hiriburua irlatik ateratzeko erreferentzia baita haientzat. Espazio seguru bat bezala ikusten dute. Baina poliziak errepideak blokeatu zituen berehala, eta migratzaileen kontra kargatzen hasi ziren, jakinda familiak zirela gehienak. Lehenengo egunean ez ziren kanpamentutik pertsona guztiak irten, gau hartan ez baitzen osorik erre. Baina bigarren egunean osorik erre behar zutela esan ziguten. Haien beldurra espazioa birgaitzea zen, zerotik berriro Moria sortzeko. Horregatik erre zuten osorik, beldur horrekin. Ez dago ezer orain bertan, errautsak besterik ez dira ikusten, ikaragarria da irudia. Espazio txiki bat zen hainbeste jenderentzako, baina azkenean bizitza handiko eremu bat zen. Askok Moria infernu bezala definitu dute maiz, eta infernuak erre behar izan du benetan erantzun humanitario edo politikoak izateko, nahiz eta oraindik erantzun asko ez diren jaso.
Bertako GKEak nola ari zarete egoera kudeatzen?
Oraindik ere blokeatuta jarraitzen dute milaka lagunek Moria inguruan, noraezean. Lau gau baino gehiago daramate honezkero errepide batean lotan, Lidl supermerkatuko parkinean ere bai. Hemen egunean zehar 30 gradu baino gehiago egiten ditu, eta asfalto gainean daude familia hauek. Oso gogorra da eguna horrela pasatzea, eta gauean zer esanik ez. Egoera oso-oso prekarioa da. Janari eta urari dagokionez, hasierako egunetan ez zen banaketarik egon. Gu sartu ginenean horrek erokeria zirudien, pertsona askoren oinarrizko beharrak ere ez zeudelako beteta. Ez dago ezer.
Nola ari zarete orduan zuen eguneroko jarduna egiten?
Sutearen egunean bertan buru-belarri kozinatzen hasi ginen, hau da, lehenengo eguenean ia 4.500 errazio inguru egin genituen, eta bigarren egunean 3.000 inguru. Bat-batean, emergentzia momentu batean, sukaldariak eroen moduan kozinatzen hasi ziren. Ikusten genuen benetako beharra zegoela. Banaketaren hasieran polizia oso desfasatua zegoen, ez zekiten zein gelditu eta zein ez, ezta nola antolatu ere. Armadak ere ez zituen erabakiak hartzen, eta Moriako catering-a ere gelditu egin zuten. Armadak egindako lehen banaketa, gainera, desastre hutsa izan zen. Baina azkenean migratzaileengana iristea lortu genuen. Bertako komunitateko 20 bat lagunek lagundu ziguten distribuzio guztia egiten. Errazio guztiak banatu genituen, furgoneta hutsik geratu zen. Gaua zen, eta orduan konturatu ginen benetan zein gogorra zen egoera. Emakume bat erditzen jarri zen bat-batean, eta ez zegoen inolako asistentziarik. Pentsa nolakoa den egoera.
Eta, orain, nora mugituko dituzte milaka lagun horiek, zer aurreikusi du gobernuak?
Orain bigarren kanpamentu bat ireki dute, guk jada bigarren Morioa izena jarri diogu, ez baitugu ulertzen zertan ezberdintzen den aurrekoarekin. Ez dakit zer ez duten ulertu pertsona guzti hauen mezutik. Egunero egiten dituzte manifestazioak. Errepide honetan mobilizatzen dira, beste Moria bat ez dutela nahi aldarrikatuz. Soilik beraien eskubideak errespetatzea eskatzen dute. Benetako asilo prozesua eta asilo legea betetzea, ez dute eskatzen beste ezer. Bigarren Moria hau militarren tiro eremu batean ireki dute, baina zein asmorekin? Gainera, bigarren honetan ez bazara sartzen, zure asilo prozesua geldituko dute, beraz, aurrera jarraitu nahi baduzu kontzentrazio eremu batean sartzea onartu behar duzu. Egoera hau betikotu nahi dute. Ez dute ikusi sistemak ez duela funtzionatzen, sistema faxista batek ez duela funtzionatzen. Eta hala ere, bigarren Moria bat ireki dute. Moriako sutea Europako politika migratzaileen erantzukizuna da, eta ez errefuxiatuena.
Egoera zaila bada, Moria erre aurretik 35 lagunek COVID-19agatik positibo eman zuten gainera. Zein da egoera orain?
Berez isolamendu zentro batean sartu zituzten, baina argi dago denak atera egin zirela, beraien artean nahastu egin direla eta ez dakigula zenbateraino hedatu den birusa. Testuinguru berri honek dena zailtzen du. Guk, Zaporeak-en, kontaktua izan dugu positibo batekin, ez genekien positiboa zela. Horregatik neurriak hartu behar izan ditugu. 4.000 pertsona baino gehiagorekin dugu kontaktua.
Irla alarma egoeran egonik, nola aurreikusten dituzue datozen hilabeteak?
Oso zailak izango dira. Alarma egoera egoteak esan nahi du lau hilabetez gutxienez poliziak eta armadak kontrola hartuko dutela, oso gogorra izan daiteke. Pertsonak ez badira kanpamentuan sartzen, biolentzia erabiliko dutela argi dugu. Beldur hori dugu, indar armatuak sartzea. Egoera honezkero kritikoa bada, pentsa zer gerta daitekeen. Ikaragarrizko presentzia poliziala dago irlan, behin ere egon ez den bezalakoa. Argi utzi dute zein den euren helburua: biolentzia, eta ez laguntza humanitarioa. Politika xenofobo eta faxistekin jarraitzeko asmoa dutela erakutsi dute berriro.
Eta hemendik, Euskal Herritik, nola lagundu daiteke?
Orain benetan behar duguna ura da. Guk berez ez dugu kontsumo hau kudeatzen gure aurrekontuetan, ez dugu orain arte baloratuta. Baina 13.000 pertsona izanik, ur asko behar dugu. Ahal den neurrian diruarekin laguntzeko deia egiten diegu herritarrei, guretzat ikaragarria izango litzateke. Horrek esan nahiko luke laguntzen jarraitu ahal izango dugula aurrerantzean, keinu guztiak dira garrantzitsuak.