Bigarren play-offa jarraian irabazi nahi du Hondarribiak
Euskotren Ligan mantentzeko kanporaketa izango du jokoan Hondarribiko emakumeen traineruak asteburuan. Aurrean, Tolosaldea, Hibaika eta Cabo izango ditu.
Iaz lortu zuen, eta aurten, zergatik ez? Euskotren Ligan mantentzeko helburuarekin play-offa jokoan izango du asteburuan Hondarribiko emakumeen traineruak bihar Bermeon (18:20) eta etzi Portugaleten (11:40). Herriko traineruak Tolosaldea, Hibaika eta Cabo izango ditu lehia horretan kontrario. Bi estropadak erlojupekoak izango dira.
Lau traineru, eta postu bakarra. Bi estropaden arteko emaitza metatuan onena denak bakarrik izango du 2021 sasoian emakumeen arraunaren goren mailan aritzeko aukera. Eta plaza hori lortzeko faboritoetako bat Hondarribia da, bestea Tolosaldea. Berdeek nahi baino lehenago jo zuten zuloa aurtengo Euskotrenen, eta Kontxan ez ziren gai izan ohorezko txandan sartzeko.
Beraz, lau traineruetatik indartsuenetakoa den arren, den-dena eman beharko dute batez ere Tolosaldea atzean uzteko: haiek, play-offean dauden lau traineruek bat egin duten bakoitzean, Hondarribia atzean utzi dute. Hibaika bai, beti izan dute atzean. Eta Cabo inkognita da, nahiz eta Kontxako sailkapen estropadan nabarmen atzean gelditu zen.
Jarraian, sasoian kanporaketako Gipuzkoako hiru traineruek bat egin duten estropadetan izandako emaitzak, eta Kontxako sailkapenekoa, analisirako aurrekari gisara. Testuan play-offean daudenen artetik lehena zein izan zen (ez estropada horien irabazlea) azaltzen da, eta jarraian play-offean dauden gainontzeko traineruak zenbatera iritsi ziren (segundotan):
- Gipuzkoako Txapelketa (uztailaren 15ean): Tolosaldea, Hondarribia (+25), Hibaika (+47).
- Kontxako sailkapen estropada (irailaren 2an): Tolosaldea, Hondarribia (+9), Hibaika (+20), Cabo (+30, ez zen Kontxarako sailkatu).
- Kontxako lehen jardunaldia (irailaren 6an): Tolosaldea, Hondarribia (+1), Hibaika (+4).
- Kontxako bigarren jardunaldia (irailaren 13an): Tolosaldea, Hondarribia (+7), Hibaika (+16).