Uda honetan 1.000 lagun inguru artatu ditu Irungo Harrera Sareak
Uztailetik, hilabetean 300 migratzaile inguru artatu dituzte boluntarioek. Aurten ere Belaskoenea auzoko aterpea hutsik geratu dela salatu dute.
Irungo Harrera Sareak udako balorazioa egin berri du. Uztailetik (orduan erabaki zuten berriro kalera ateratzea), trantsituan dauden 1.000 lagun baino gehiago artatu dituzte. Gehienak, Ginea Conakry, Mali edo Boli Kostakoak izan direla zehaztu dute (%80a gutxi gorabehera), eta gutxi batzuk Kamerun, Senegal edo Nigeriakoak. Bereziki gizonezkoak heldu dira uda honetan, bina bakarrik edo haur txikiekin zetozen emakume ugari ere jaso dituzte.
Belaskoenea auzoko aterpeaz ere aritu dira sareko boluntarioak, gogor jo dute eraikina kudeatzen duen Gurutze Gorriaren kontra. «IHSk udako hilabeteetan ere Irungo harrera dispositibora sartzeko irregulartasunak atzeman ditu. Ez dago irizpide koherenterik eta dispositiboa erdi hutsik egonik ere, migratzaile askori ez zaie aterpetxean sartzen utzi», esan dute amorruz.
Era berean, Frantziak legez kontrako kanporaketen jarraitzen duela nabarmendu nahi izan dute, testigantza ugari jaso dituztela hilabete hauetan Santiago zein Behobiako zubietan.
Horren harira, Europar Batasuna errefuxiatuei ezartzen ari den «politika xenofobo eta hiltzailea» salatu nahi izan dute. «Izugarria da Moriako eta Mediterraneoko, Espainiar kostako kanpamentuetan nola tratatzen diren milaka eta milaka pertsona. Euskal erakundeei exijitzen diegu, oraingoan bai, bete dezatela aurkeztu berri duten Harrera Plana, oraingoan anbizio eta ardura handiagorekin joka dezatela», erantsi dute. Zentzu horretan, Moriako errefuxiatuei laguntzeko abian jarri diren egitasmoak bultzatzeko deialdia egin diete herritarrei.
Amaitzeko, larunbatean (hilak 18) Donostiako Antiguako pilotalekuan Zaporeak elkartearen alde egingo duten kontzertura joateko gonbita egingo dute saretik.