Ahalduntze eskolak modu presentzialean eta online bidez eskainiko ditu ikastaroak
Abendura bitarte ikastaro mordoa antolatu ditu Berdintasun sailak. Eskolez gain, aurten ere autoestimu tailerra eskainiko dute.
Emakumeentzako Ahalduntze Eskolak dena prest du ikasturte berrirako. Gaur bertan aurkeztu du Rebeca Gonzalez Irungo Udaleko Berdintasun ordezkariak ikastaro berrirako antolatu dituzten ikastaroak. Modu presentzialean zein online bidez eskainiko dituzte aurten, COVID-19ak eragindako egoera dela eta.
Lehen ikastaroa Osasun mentala krisi garaian izenekoa izango da, eta bertan partaideek konfinamenduan bizitutako esperientziak elkarbanatuko dituzte, eta emozioak kudeatzen laguntzeko giltzarriak jaso. Pepa Bojo psikologoak gidatuko du ikastaroa, eta hilaren 28tik azaroaren 23ra bitarte luzatuko dute.
Aurten arteari ere atetxo bat zabaldu nahi izan diote, eta hala, Emakumeak Artean ikastaroa eskainiko du Marina Santa Cruz psikologoak. Asteartean egingo dituzte klaseak, urriaren 6tik azaroaren 24ra bitarte.
Era berean, lehenengoz ere argazkilaritza lantzeko apustua egingo dute ikastaro honetan. Emakumeak eta argazkilaritza izeneko ikastaroa antolatu dutela zehaztu du Gonzalezek, online bidez. Urriaren 15etik azaroaren 12ra bitarte izango da ikastaro hau.
Hauekin batera, osasun larrialdiagatik bertan behera geratutako bi ikastaro berreskuratuko dituztela jakinarazi berri dute. Lehena, Las que ya no comemos perdices gaztelerazko ikastaroa izango da, online bidez ere bai. Honetan, amodioa, errespetua, askatasuna eta berdintasuna bezalako kontzeptuez ariko dira. Bigarrena aldiz, autodefentsa feminista tailer bat izango da, Emagin-en eskutik, azaroaren 27an eta abenduaren 4 eta 11n.
Autoestimu tailerra
Ahalduntze eskolarekin batera, aurten ere Komunikazio positiboa eta autoestimua izeneko ikastaroa eskainiko diete hiriko emakumeei. Taldeko dinamikan ariko dira partaideak. Saioak asteazkenetan izango dira, hilaren 30etik abenduaren 9ra bitarte.
Aipatutako ikastaro guztietan izena emateko, edo haien gaineko informazio eta xehetasun gehiago eskuratzeko, esteka honetara jo beharko da.