Mugikortasunaren Europako Astean autorik gabeko hiria bultzatuko dute Irunen
Gaiarekin sentsibilizatzeko asmoz, kanpainako irudi batzuk sare sozialetan elkarbanatu dituzte, ibilbideak eta jarduerak autorik gabe egitera gonbidatuz. Horrez gain, jarduera ugari antolatu dituzte.
Mugikortasunaren Europako Astea dela eta (gaur hasi da), eta hilaren 22ko ‘Autorik Gabeko Eguna’-ri begira, zenbait egitasmo antolatu ditu Irungo Udaleko Mugikortasun sailak. Borja Olazabal ordezkariak eman du aurtengo egitarauaren berri. Gaurtik (hilak 16) datorren asteazkenera (hilak 23) luzatuko dituzte jarduerak.
«Pandemiak eraginda bizi dugun egoeragatik, aurten, ezin dira egin antolatu ohi diren jarduera guztiak. Halere, ekimen batzuen berri eman nahi dugu, eta batez ere mugikortasun iraunkorraren inguruko mezuak berritu, zeren, urte osoan gogoratzea gustatzen bazaigu ere, aste honetan inoiz baino egokiagoa baita», esan du gaurko agerraldian Olazabalek.
Autorik gabeko hiria bultzatzeko konpromisoa hartu du udalak edizio honetan. Gaiarekin sentsibilizatzeko asmoz, kanpainako irudi batzuk sare sozialetan elkarbanatu dituzte, ibilbideak eta jarduerak autorik gabe egitera gonbidatuz. Zentzu berean, datorren asteko astelehen eta astearte gauetan udaletxeko fatxada berdez apainduko dute.
Bigarren eskuko azoka
Aurreko edizioetan bezalaxe, aurten ere bigarren eskuko Merka2dasoa azoka antolatu du Txinzer-ek. Igande honetan izango da, 13:00etatik 19:00etara, Zabaltza plazan. Patineteak zein bizikletak saldu eta erosi ahal izango dira. Txingudiko Zerbtitzuak-etik gogoratu dutenez, musukoa eramatea derrigorrezkoa izango da.
Azokarekin batera, igandean ere Kolon pasealekua oinezkoentzako erabilgarri jarriko da, 11:00etatik 19:00etara.
Tailerrak
Aurtengo edizioan denetarik izango da. Tailerrak ere antolatu dituztela jakinarazi dute antolatzaileek. Hala, datorren asteartean (18:30ean, Palmera Monteron) ibilgailu elektrikoei eta mugikortasun iraunkorreko alternabei buruzko informazioa emango dute, tailer formatuan. Parte hartzeko, 628 532 303 telefono zenbakira hots egin beharko da.