Hezkuntzako greba jarraipen nabarmena ari da izaten
Oarso Bidasoko ikastetxe askotako langileak greba egiten ari dira gaur, aurrez aurreko itzulera segurua eta adostua eskatzeko.
Oarso Bidasoko ikastetxe askotako langileak greba egiten ari dira gaur, aurrez aurreko itzulera segurua eta adostua eskatzeko. Greba deialdia Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hezkuntzan ordezkaritza duten bost sindikatuek egin dute: ELA, LAB, Esteilas, CCOO eta UGT. Grebak garbiketa zerbitzuari, jantokiei eta garraioari ere eragingo die. Gora Ikasleon Borroka, Ikasle Sindikatua, Ikasle Ekintza eta Ikasle Abertzaleak ikasle taldeek grebarekin bat egin dute.
Oarso Bidasoan eragin nabarmena izaten ari da deialdia, HITZAk sindikatuen bidez lortu duen informazioaren arabera. Hala ere, tokian-tokian eragina ez da berbera; ikastetxe batzuek jarduera zeharo eten duten bitartean, beste batzuetan bada klaserik. Hedabide honek ezin izan ditu herriz herrikako datu zehatzak lortu.
Oarso Bidasoan gaurko egunerako ez da mobilizazio deialdi zabalik egin. Donostian zuten grebalariek hitzordua, 11:00etan Alderdi Ederretik ateratako martxan. Aurretik, ordea, bertako hainbat ikastetxetako langileek argazkiak egin eta sareetan banatu dituzte, grebarekin bat eginez.
Arrazoiak
Sindikatuek Hezkuntza sailarekin elkarrizketarik ez zegoela salatu zuten. Joan zen astean Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburu berria beraiekin elkartu zen, baina sindikatuek bilera «berandu» iritsi zela eta «zehaztasun, baliabide aurreikuspen eta berme gutxi» ikusi zutela adierazi zuten. Bilera planifikazioa eta baliabide hornikuntza abian jartzeko baino gehiago, mobilizazioa geldiarazteko izan zela salatu zuten. Hala, greba deialdiari eutsi diote.
Izan ere, beraien ustez Hezkuntza sailak modu «arduragabean» kudeatu du pandemia. «Hezkuntza sailaren kudeaketa onartezina eta arduragabea izan da. Inprobisazioa izan da nagusi. Aldebakarreko eta adostu gabeko erabakiak hartu ditu eta bere ardurak ez ditu bete, ikastetxeek ardura osoa bere gain hartu behar izan dutelarik. Ikasturte hasiera honetan ere, uda osoan desagerturik egon ondoren, berdin jarraitu du, langile, ikasle zein familiengan etengabeko ziurgabetasuna sortuz. Berandu ibili da eta gainera ez ditu osasuna bermatzeko eta aurrez aurreko hezkuntza prozesua garatzeko baliabide gehigarriak jarri».
Lan baldintzak
Langileen egoera jasanezina dela gehitu dute. «Langile guztiok gure onena emanaz eta gure segurtasuna kolokan jarriz, antolakuntza aldetik ezinezkoa dena eginez, aurrez aurreko itzulera gauzatu genuen ikasturte bukaeran eta orain. Baliabiderik gabe, langile gehiago gabe, eraikin publikoak ezin baliatuta, ratioak aztertu eta jaitsi gabe, distantziak ezin mantenduz… Noiz arte egon behar dugu horrela?».
Neurri eraginkorrak eta baliabide gehigarriak behar direla diote. «Aurrez aurreko eskola mantendu ahal izateko eta denon osasuna eta segurtasuna bermatzeko, neurri eraginkorrak planifikatu eta baliabide gehigarriak jarri behar dira. Egoera epidemiologikoa kontuan izanik, agertoki ezberdinei erantzungo dion aurreikuspena eta baliabideak behar dira, hezkuntzarako aukera berdintasuna bermatuz. Guk argi daukagu ez gaudela normaltasun egoeran, Hezkuntza sailak argi al du?».
Hezkuntza sailari negoziatzeko eskatu diote. «Ikastetxeetan neurriak, antolakuntza zein ikaskuntza prozesuak aurrera eramaten ditugun langileokin negoziatu eta adostu behar dute. Langile denekin, kolektiboz-kolektibo eta hezkuntzako sare guztietarako».
Eskaerak
Oso argi dute zeintzuk dira balizko negoziazio mahai horretara eramango lituzketen eskaerak. Lehen eskaera langile kolektibo guztietan ratioak jaitsi eta lan taldeak handitzea da, garbitzaile, sukaldari, 0-3ko haur hezitzaile, premia berezietako laguntzako espezialista, jangela eta garraioetako begirale zein irakasle izan.
Beste eskaera bat ikastetxeak protokoloak jasotzen dituen norberaren babeserako ekipoekin lehenbailehen hornitzea da. Bereziki, gertuko harremana duten premia bereziko espezialista zein hezitzaileen kasuan.
Espazioari dagokionez, geletan pertsonako 3 metro koadro eta 1,5 metroko distantzia egotea eskatu dute, geletan gehienez ere 10-15 ikasle egonik. «Espaziorik ez dagoenez, bestelako eraikinak zein espazio naturalak baliatzea nahi dugu».
Horretaz gain, arrakala sozioekonomiko, pedagogiko, teknologiko zein euskararekikoa murrizteko baliabideak jartzea; ikasle guztientzat jangela zerbitzua bermatzea; ikasleen behar emozionalak ere kontuan hartuz curriculuma egokitzea; egoera zaurgarrian dauden langileak babesteko neurriak ezartzea eta kontziliaziorako baimen ordainduak eskaintzea eskatu diote Hezkuntza sailari.
Eusko Jaurlaritzak aurreko grebetan baino gutxieneko zerbitzu handiagoak jarri ditu. Horren arabera, grebara atxikitako ikastetxe edo eraikin bakoitzean pertsona hauek egon beharko dute: zuzendaritzako kide batek, mendekoen kidegoko langile batek goizean eta beste batek arratsaldean eta COVID-19aren koordinatzaileak.
Horiez gain, «babesa eta segurtasuna bermatzeko» beste hainbat gutxieneko zerbitzu ere ezarri dituzte. Etapa bakoitzeko irakasle batek joan beharko du ikastetxera. Etapa bakoitzean, ehun ikasletik gora matrikulatuta daudenean, bi irakasle gehiago jarriko dituzte etapako. 200 ikasletik gora direnenean, beste bi, eta horrela jokatuko dute ehun ikasle gehiago dauden bakoitzean. Hezkuntza bereziko ikastetxeetan eta hezkuntza bereziko gela egonkorretan, gutxieneko zerbitzuak %75ekoak izango dira.
Ikastetxeek eskaintzen dituzte gainerako zerbitzuei dagokienez, garbiketako langileen %100 bertaratzea «ezinbestekoa» izango da. Jantoki zerbitzua ere bermatuta egongo da.
Sindikatuak, haserre
Greba deialdia egin duten sindikatuek Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzu hauek greba eta mobilizazioak ikusezin bihurtzeko ahalegina direla salatu dute. Zerbitzu minimoen inguruko agindua bezperan helaraztea beste ekintza «berantiar» eta «inprobisatu» bat dela aipatu dute. «Jadanik greba eguna antolatuta zuten ikastetxeetan anabasa berri, handi eta onartezin bat sortuko du, ardura oro berriro ere ikastetxeetako zuzendaritza langileen bizkar utziz».
Greba eskubidearen urraketa «larri» baten aurrean daudela uste dute eta zerbitzu minimoen agindua epaitegietara eramatea aztertzen ari dira.