Hondarribiaren guztizko nagusitasuna Kontxan
Hondarribiak lehen luzetik hartu du aurrea eta baita irmoki mantendu ere. Hamalaugarren Kontxako Bandera lortu dute, azken hiruak jarraian.
Irteera erabakigarria izan da 125. Kontxako Bandera honetan, Hondarribia faborito argia zen, 8 segundoko errentarekin hasiaz lehia. Zierbenak hasieran orpoz orpo jarraitu dio, baina 4. eta 7. minutuko tartea pasata distantzia zabaldu dute Bidasoko arraunlariek, esperotako garaipena lortuz, ez, ordea, gogor borrokatu gabe.
Garaipen honekin hamalaugarren Kontxako Bandera eskuratu dute Ama Guadalupekoek, azken hiruak jarraian. Aurtengo Kontxako bi jardunaldietan izan dira garaile berdeak, jakin bazekiten lan bikaina egin beharko zutela gaurkoan ere irabazle suertatzeko, eta hala egin dute. Orain, Liga helburu izanik, (hurbil-hurbil baitaude, 2 puntura), lehenik gaurkoaz gozatzea dute xede. Bandera honetan eskaintza berezia egin nahi diote Koronabirusagatik “gaizki pasa duten guzti horiei” eta, bereziki, hondarribiarrei.
Gaurko jardunarekin, hau da Kontxako sailkapen orokorra, hurrenez hurren: Hondarribia, Zierbena, Santurtzi, Orio, Bermeo, Donostiarra, Cabo eta Zarautz.