Hondarribia, bere txandan lehena
Hondarribiak lehen txandan erraz hartu die aurrea Hibaika, Zumaia eta San Juani. Kontxako 13. lehiaketan lehena Orio izan da.
Emakumeen 13. Kontxako Banderaren bigarren jardunaldian, bigarren urtez jarraian, Oriok lortu du bandera. Lehen txandan atera diren lauen artean Hondarribia izan da garaile, sailkapen orokorrean bosgarren postua lortuz; berdeen atzetik Hibaika, Zumaia eta azkenik San Juan izan dira. Kontsolazio txandako arraunlariak, orokorrean, asebete agertu dira orain arte egindako ibilbideaz, ez baitzen erronka txikia Kontxarako Sailkapen jardunean txartel bat lortzea.
Lehen txandan ateratako ontzien artean Hondarribiak hartu du aurrea lehen segundutik, aurreko jardunean egindakoa errepikatuz; estropada honek indar handia suposatuko du haientzat playoffari begira, baina Hibaikak ez dizkio gauzak horren erraz utziko, gogor prestatuko baitute ere hurrengo asteko lehia. Arrosak izan dira laugarren txanda honetan, eta azken sailkapen orokorrean, baina pasaitarrentzat garaipen galanta izan zen dagoeneko urteko lehiaketa garrantzitsuenean egotea, eta bertan larrua utzi dute.
Hauek izan dira emakumeen Kontxako Banderaren postuak, hurrenez hurren: Orio, Donostiarra, Arraun Lagunak, Tolosaldea, Hondarribia, Hibaika, Zumaia eta San Juan.