Aurtengo Ribera azoka aurkeztu dute
Irailaren 19an goizean zehar izango da arte garaikideari lotutako bosgarren Ribera azoka.
Gaur egungo egoerari egokitutako osasun neurriak kontuan hartuta ospatuko da Ribera Azoka, Juncal Eizaguirre kultura ordezkariak eta Bitamine Faktoriak azaldu dutenaren arabera.
Hortaz, espazioak kontrolatuta egongo dira jarduera eremuak mugatzeko hesien bidez, aurretiko izen-ematea eskatuz eta musukoaren eta gel hidroalkoholikoaren erabilera derrigortuz.
Merkatuaren asmoa Bidasoa ibaiaren bokalean arte garaikidea, muga eta memoria historikoa uztartzea da. Etorkizuna izango da artistek erabili beharko duten bosgarren edizio honetako testuingurua, izan daitekeena asmatutako etorkizuna edota posibleagoa dena.
Jarduera guztiak Santiagotarraken ontziralekutik Laiak eskulturaraino dagoen bidegorrian izango dira, goizeko 9:30etatik eguerdiko 15:00ak bitarte.
Ekintza guztietara joan ahal izateko komunika@bitamine.net helbide elektronikora idatzi behar dela argitu dute.
Meditazio-saio batek emango dio hasiera egitarauari goizeko 9:30etatik 10:30ak bitarte Ainhoa Izaguirreren gidaritzapean. Izena emateaz gain, parte hartzeko estera eta kuxina eraman behar da.
Ondoren, 10:45etatik 11:30etara lurrean iltzatutako 200 ispiluz osatutako instalazio bat koordinatuko du Arteklabeko Jaime de los Ríosek. Espektakuluak argia eta mugimendua ere uztartzen ditu espazioarekin interaktuatuz.
Eguerdiko 13:00tan “La Máquina de hacer pingüinos” konpainiak eta Bitamine faktoriak Ecos del Bidasoa performancea aurkeztuko dute bidegorriaren bi aldeetatik.
Amaitzeko, 14:00etatik 14.30etara dantza-fagot espektakulua izango da ikus eta entzungai, Idoia Zabaleta, Bertha Bermudez eta Christian Garcia del Campo artisten eskutik.
Egun osoan zehar Paredes de la memoria esku-hartze artistikoa egingo da bariantearen zubi azpian dagoen horman.
Urtero bezala Ribera beka aurkeztu dute ere, azalduz pandemia dela eta prozesua motelago dabilela eta oraintxe esleitze-prozesuan dabiltzala. Abuztuan amaitu zen proposamenak aurkezteko epea.
Beka honek tandem formatua duela esplikatu dute; bi profilez dago osatuta beka, bata alderdi artistikoa landuko duenaz eta bestea ikerketarekin lotuta dagoenaz. Orain arte bigarren profila antropologiari eta historiari zegoen zuzenduta batez ere, aurten aldiz adierazi dute beste hainbat diziplinetara zabaldu dutela, adibidez geografia, nazioarteko harremanak edota biologiara.