[Galeria] Ez-festen jaiak Hondarribian
Koronabirusak eragindako osasun larrialdi egoera dela-eta jairik ez ospatzeko erabakia hartu dute eragileek eta udalak. Gaurkoak, egun handia beharko luke hondarribiarrentzat.
Hondarribiarrak ez-festen hilaren 8a ospatzen ari dira gaurkoan. Koronabirusak sortutako osasun alarmaren eraginez jai ekitaldirik ez antolatzeko erabakia hartu dute eragileek eta Hondarribiko Udalak. Hala eta guztiz ere, egun handia da gaurkoa hondarribiarrentzat, eta inoiz ikusitako girorik lasaiena atzeman daitekeen arren, herritarrek ez dute lagun eta senideekin elkartzeko aukera galdu nahi izan.
Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak herritarren gehiengoaren jarrera txalotu nahi izan du, “zoriontzeko” modukoa baita hondarribiarrak “ardura handiz jokatzen” ari direla, haren ustez.
Ama Guadalupekoa ama birjinari egindako boto betetzean “1638arekiko eta gure aurrekoekiko dugun lotura” berritu egin dela adierazi du agintariak, “eta horrek aurrera begiratzeko indarra eman behar digu, ez atzera bakarrik”. Hori horrela, aurtengoan festak “nahiko genukeen bezala egiteko” aukerarik ez dagoen arren, etorriko direla horretarako momentuak erantsi du Sagarzazuk.
Goizean zehar bildutako argazkien galeria osatu du HITZA-k: