[Galeria] Udal ordezkariek eta Jaizkibel konpainiak botoa bete dute
EH Bilduren udal taldeak ez du ekitaldi erlijiosoan parte hartu nahi izan. Alarde Fundazioko agintariek bere aldetik, ekitaldi pribatua egin dute.
Ezohiko hilaren 8ak ezohiko irudia utzi die hondarribiarrei. Ama Guadalupekoa ama birjinari egindako botoa berritu dute EAJko, Abotsanitzeko eta PSE-EEko udal ordezkariek eta Jaizkibel konpainiak, eta gonbidapenak agortuta zeuden arren, kanpoaldean kokatutako lekuen gehiengoa hutsik geratu da azkenean. Alarde Fundazioak bere aldetik, ekitaldi pribatuan berritu du botoa eta ez du gainontzeko eragileekin batera parte hartu elizkizunean.
Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak ez du ekitaldiaren gaineko baloraziorik egin nahi izan momentuan, “botoa betetzeko lanak izan baititugu orain”. Agintariaren ustetan, “gauzak lasaiago baloratzeko eskatzen digu egoerak momentu honetako balorazioa baino”.
Jaizkibel konpainia parekideko Oihana Etxebarrieta kapitaina “pozik” agertu da botoa berritzeko aukera izan dutelako: “Urte honetan, egoera berezi honetan, baldintzak eman dira hori segurtasunez egin ahal izateko, eta bertan egotea, herritarrekin eta herritarrek erabakitako udal ordezkaritzarekin batera, guretzako pozgarria izan da”.
“Hutsune batzuk” egon direla onartu du aldi berean kapitainak, eta haren aburuz, “horrelako egoerek agerian uzten dute bakoitzak non dauzkan bere helburuak jarrita”. Jaizkibel konpainiarentzat helburua “botoa berritzean” zegoela berretsi du kapitainak; areago, “urtea oso gogorra izan dela ikusita, herrritar, udal ordezkaritza eta konpainia ezberdinekin elkartasun momentu bat eskatzen zuen egoerak. Eta argi eta garbi horren aldeko apustua egin dugu eta egiten jarrraituko dugu”.
Ondokoa da HITZA-k Guadalupeko Santutegian bildutako irudi sorta: