Pandemiak sortutako premia eta galderei erantzungo die Segurnet azokak
COVID-19ak eragindako kutsatzeen aurrean pertsonen segurtasuna eta babesa bermatzeko merkatuan dauden irtenbideak aurkeztuko dituzte, azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean.
Irungo Ficoba erakustazoka azoka berezi baten agertoki izango da hurrengo hilabetean. Egungo osasun larrialdiaren harira, Segurnet izeneko azoka abian jartzea erabaki du Ficobak, «segurtasunari eta pandemia testuinguruetara egokitzen laguntzeko» helburua duena. Hala, birusak eragindako kutsatzeen aurrean pertsonen segurtasuna eta babesa bermatzeko merkatuan dauden irtenbideak aurkeztuko dituzte, azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean.
Era berean, «jarduera ekonomikoaren dinamizatzaile izateko helburuarekin», lehentasunezko arreta eskainiko diete pandemia testuinguru batean lan metodo berriak hartzeko zerbitzu osagarriei. Zentzu horretan, honakoak aurkeztuko dituzte: eraldaketa digitaleko laguntza zerbitzuak, e-commerce soluzioak eta sare sozialetako presentzia, herritarren alerta kanalak, segurtasun digitaleko soluzioak, telelanerako eta urrutiko hezkuntzarako hardwarea eta softwarea, besteak beste.
Dendak, enpresak, autonomoak, garraioak, farmaziak, kirol guneak, museoak, merkataritza zentroak, egoitzak, eraikinak, ospitaleak, unibertsitateak…. Hainbat sektoretako langileei bideratutako azoka izango da.
Online ere bai
Azoka presentzialaz gain, azoka modu telematikoan luzatzeko premia ikusi dute antolatzaileek. Horrekin, azaroaren 9tik abenduaren 4ra bitarte, erakustoki eta bisitarien arteko aurretiko eta azoka osteko harremanak erraztu nahi dituzte.