Guadalupeko Ama Birjinaren boto betetzean izango dela berretsi du Jaizkibel konpainiak
Azken hamabost urteetan egin bezala, Hondarribiko udal ordezkariekin batera han egongo dela adierazi du Jaizkibelek. Alarde Fundazioak zeremonia pribatua egingo duela iragarri du sareetan.
Ezohiko jaietan, ezohiko argazkia ikusteko aukera egongo da bihar Guadalupeko Ama Birjinaren boto betetzean. Jaizkibel konpainiak sare sozialetan zabaldu duenez, hamabosgarren urtez segidan parte hartuko du zeremonian: “Jaizkibel konpainia bertan izango da. Hori da udalak erantzun diguna”. Hortaz, “herritar guztion ordezkari den udalarekin batera bertan egongo gara gure arbasoek emandako botoa betetzen”.
Ezohikoa, baina, ez da konpainia parekidearen eta udal ordezkarien boto betetzea izango, bai ordea ez dela Alarde Fundazioko agintaririk bertan izango. Edo behintzat hala egin du publiko alarde tradizionalaren aldeko elkarteak sare sozialetan zabaldu duen oharrean: “Alarde Fundazioa Hondarribiak egungo arrisku egoera dela eta, ekitaldi intimo batean, Guadalupeko Ama Birjinari egiten zaion botoarekin bat egingo du, 09:30ean, Hondarribiko Alardeko agintariak eta Alarde Fundazioko Patronatua Guadalupeko Santutegira igoko dira, Hondarribiko herriaren ordezkari gisa”.
Ekitaldia streaming bidez segitzeko eta ez bertaratzeko eskaria luzatu dio fundazioak bere jarraitzaileei, eta alardeko buruzagiek goizeko 11:00etan izango den zeremonian parte hartuko ez dutela erantsi du.