Alkateak jaien inguruan egindako adierazpenak "gezurra" direla adierazi du Abotsanitzek
Ez-festen inguruan udal talde guztiek testu bat adostu zutela adierazi zuen hainbat komunikabideren aurrean alkateak, baina horretarako "saiakerarik" ere ez duela egin egotzi dio herri batzarrak.
Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak Zarauzko, Bakioko eta Lekeitioko udal agintariekin batera, agerraldia egin zuen iragan astean, komunikabide handiek jaso dutenez. Hondarribiko Udaleko alderdi guztien artean ez-festen inguruko testu bat onartu zutela adierazi zuen Sagarzazuk prentsaurrean, baina Abotsanitzek zabaldu duenez, “gezurra” da alkateak adostasuna aurkitu edo bilatu izana.
Herri batzarrak bere oharrean azaldu duenez, ostegunean elkartu ziren udal bozeramaileak testu bat adosteko asmoz. Abotsanitzek bere ekarpenak egin zituela dio udal taldeak, eta horiek testuan barneratu zirela. Hala ere, COVID-19 gaitza eta alardea testu berean nahastea ez zituen asebete alderdikideak, “gure ustez, bakoitzak bere lekua behar duelako”.
Informazioaren arabera, erabat ados egon ez arren, gainontzeko udal taldeek sinatuz gero Abotsanitzek ere izenpetuko zuela dokumentua adierazi zuten herri batzarreko ordezkariek. PSE-EE udal taldeko Iosu Alvarez bozeramaileak ordea, ez zuen bi gai horien arteko nahasketa begi onez ikusi eta aurka egin zuen.
Iragan ostegunetik alkateak ez duela adostasunerako saiakerarik egin erantsi du Abotsanitzek: “Behar bezalako saiakerarik egin ez duelako ez da adostasunik lortu”.