Kontxako Banderan izango da Hondarribia
Lehia bizia izan da Kontxako Bandera jokatzeko sailkapen estropadan. Berdeek ez dute huts egin eta bosgarren sailkatu dira azkenean, euren txartela irabaziz.
Kontxako Banderan izateko sailkapen estropada jokatu dute gaur arratsaldean Donostiako uretan, eta Hondarribia Arraun Elkarteko emakumeen ontziak ez du hutsik egin. Bosgarren sailkatu dira berdeak, Kontxako Banderan lehiatzeko txartela lortuz. Euskotren Ligako irabazleak, Oriok, irabazi du gaurko estropada.
Horiak nagusitu dira lehen luzetik, ziaboga azkarrena eginez (05:49) eta lehen marka finkatuz (11:08,82). Aquarium inguruan hasi dira sumatzen itsasoaren zein haizearen indarra arraunlariak, eta bare zegoen arren, ziaboga emateko zailtasunak izan dituzte hainbat botek. Hondarribiak 05:59an egin du ziaboga, eta 11:28.72 marka eginda bukatu du azken luzea.
Lehia bizia izan da sailkapen estropada jokatu duten hamahiru eskifaien artean. Hamabost ziren hasieran, baina koronabirusa medio, Lapurdik eta Deustok ezin izan dute bertan egon. Ondarroa, Tiran, Cabo, Lutxana, Isuntza, Chapela, Hibaika, Orio, Zumaia, Tolosaldea, Arraun Lagunak, Hondarribia eta San Juan lehiatu dira gaurkoan, eta gipuzkoar guztiek lortu dute bandera jokatzeko plaza, tartean, Oarsoaldeko eta Bidasoko ontzi guztiek.
Hilaren 6an, igandearekin batera jokatuko da Kontxako Banderaren lehen estropada, eta hilaren 13an, bigarrena eta azkena. Ondoren, Euskotren Ligan egoteko kanporaketei aurre egin beharko die Hondarribiko ontziak.