Irungo Gaztelumendi tabernan egondakoei PCR proba egiteko eskatu die Osasun Sailak
Abuztuaren 24tik 28ra egondakoei egin diete deialdia. Probak Ficoban egin behar dituzte, gaurtik hasita. Aurrez hitzordua eskatu behar da.
Abuztuaren 24 eta 28 artean (biak barne) Irungo Gaztelumendi tabernan izan zirenei PCR probak egin ditzatela eskatu diete Osakidetzak eta Osasun Sailak. Zaintza Plana aktibatu dute Osakidetzak eta Osasun Sailak, tabernari lotutako COVID-19 agerraldi bat egon delakoan: bertako bost langilek eta bezero batek eman zuten positibo PCRan, horregatik ekin diote proba masiboak egiteari. Bezeroez aparte, inguruko tabernetako arduradunei ere dei egin diete probak egiteko. Nekane Murga sailburuak iragarri du aukera dagoela taberna horietakoren bati itxiera agindua ematea jasotako datuek hala eskatzen badute.
Probak gaur bertan (irailak 2, asteazkena) egiten hasiko dira Ficoban espresuki antolatuko duten gune batean. Hala, gaurko 15:00etatik 20:30era pasa ahal izango dute deialdiarekin bat egiten dutenak erakustazokatik. Bihartik, 08:30etik 20:30era egongo da esparrua zabalik. Emaitzak SMS mezu bidez helarazkiko dizkiete probak egin dituztenei. Osasun Sailak jakinarazi du 2.500 bat direla probak egitera deitutakoak, beraz, horiek egin bitartean izango dute zabalik Ficobako gunea.
Proba egin behar dutenek aldez aurretik hitzordua eskatu behar dute, honako telefono zenbakietako batera deituz:
- Irun erdialdeko osasun zentroa: 943 006 700.
- Dunboako osasun zentroa: 943 006 789.
- Hondarribiko osasun zentroa: 943 007 640.
Era berean, Osasun Sailak eta Osakidetzak herritar guztiei gogorarazi dizkiete ezagunak diren prebentzio-neurriak, eta eskatu diete, COVIDarekin bateragarriak diren sintomak izanez gero (hala nola sukarra, eztula, eztarriko mina, arnasa hartzeko zailtasunak edo usaimena galtzea), beren etxeetan bakartu daitezela eta beren osasun zentrora deitu dezatela.
Era berean, sintomarik ez izan baina PCR probaren emaitzen zain daudenek, etxean bakartu behar dute. Halaber, lasaitasuna helarazi nahi dute, eta horrelako neurriak prebentziokoak baino ez direla nabarmendu dute. Neurri horiek helburu dute balizko transmisio bat lehenbailehen detektatzea eta kutsatze gehiago saihestea, Osasun Sailaren arabera.