Hondarribia, Hibaika eta San Juan, Kontxarako zazpi plazetako baten bila gaur
Gaur da emakumeen Kontxarako sailkapen estropada, 17:30ean. Oarso Bidasoko ordezkariak Hondarribia, Hibaika eta San Juan dira.
Iritsi da eguna. Emakumeen traineruek urteko banderarik preziatuenean aritzeko txartela lortzeko estropada dute gaur Donostian (17:30). Kontxan izateko sailkapen estropada hemen da. Zazpi plaza jokoan hamahiru trainerurentzat. Eta horietatik hiru Oarso Bidasokoak: Hondarribia, Hibaika eta San Juan. Donostiarrak badu bere tokia banderan, Donostiako Udalak hala erabakita. Itsaso lasaia espero da, haize gutxi. Hori bai: zaleei ez joateko eskatu diete.
Kinielen eta pronostikoen txanda izango da 17:30ak artekoa. Hortik aurrera, itsasoan erakutsi beharko dute traineruek Kontxan egoteko eskubidea duten ala ez. Eta kinielek diote, betiere ligetako emaitzei erreparatuta, Hondarribiak plazetako bat lortu beharko lukeela, Hibaika ere txartel baten jabe izateko hautagaien artean dagoela, eta San Juanek gogor borrokatu beharko duela Kontxan izateko.
Hondarribia, EuskoTren Ligan azkena izan eta play-offa jokatu behar izan arren, zazpikotean sartzeko gai da. Badu horretarako kuadrilla. Ligan izandako sentsazio gaziak ahaztu, eta bi luzera izango den erlojupekoan dakitena egiten badute, erraz ez, baina nolabaiteko lasaitasunarekin lortu beharko lukete Kontxako postua.
Hibaikak ETE Liga oso ondo bukatu du. Bigarren postuan sailkatu dira Tolosaldea trataezinaren atzetik. Azken boladako arraunkerarekin eusten badiote gaurko sailkapen estropadari, datozen bi igandeetan Donostiako badian izango dira lehian. Ez daitezela gehiegi lasaitu, ordea, ondoan traineru indartsu eta gogoz beteak izango dituztelako.
Oarso Bidasoko traineruen artetik lanik zailena San Juanek du. Hainbat baja tarteko, ETE Ligaren bukaera ez da nahi bezalakoa izan, eta horrek eragina izan dezake gaurko sailkapen estropadan. Erabateko ezustekoa ez, baina sorpresa litzateke Batelerak Kontxan egotea. Baina badute nortasuna, eta saiatuko dira ondokoei gauzak zail jartzen.
Ziurtzat eman daiteke EuskoTreneko Orio nahiz Donostia Arraun Lagunak taldeek txartela lortuko dutela gaur. Hondarribia ez da urrun egongo. ETEn garaile nabarmen izan den Tolosaldea ere kiniela guztietan ageri da, baita Hibaika ere. Beste bi plazetan dago koska.
Kontxako bandera, emakumeen traineruak. Partaideak:
- A taldea: Donostia Arraun Lagunak, Hibaika, Hondarribia, Orio, San Juan, Tolosaldea, Zumaia eta Tiran.
- B taldea: Cabo, Chapela, Isuntza, Lutxana eta Ondarroa. Lapurdik eta Deustok ez dute parte hartuko, COVID-19an positibo eman duelako talde horietako arraunlari banak.