Birusak ez ditu haurrak gelditu
547 haur atletismoarekin gozatzen aritu dira azken asteotan, BATen udalekuetan. Hasi zirenetik, ez da COVID-19 kasurik atzeman.
COVID-19ak eragindako oztopoak primeran gainditu dituzte uda honetan Bidasoa Atletiko Taldekoek (BAT). Osasun krisiak gogor astindu arren, ohiko atletismo udalekuak egin dituzte azken asteotan; igandean emango diote amaiera aurtengo udalekuei, «arrakasta handiz» gainera, taldekoek egindako azken balorazioaren arabera.
Orotara, 547 haur aritu dira Plaiaundiko kirol pistetan, iazko kopurua gaintzea lortu dute (2019an 537k izena eman zuten). Gainera, zorionez, ez da COVID-19 kasurik atzeman udalekuak iraun bitartean.
Asteburu oparoa
Era beream, asteburu honetan jada lehiatzeko aukera izan dute taldeko zenbait kirolarik. Euskadiko Txapelketa Absolutuan aritu dira bidasoarrak, sei domina eskuratuz. Gonzalo Tamayo (pisu jaurtiketan) eta Goizane Garciak (mailu jaurtiketan) urrezko domina bana irabazi dute; Jose Larzabalek (5.000 metroetan) zilarrezkoa zintzilikatu zuen eta amaitzeko, Goizane Garciak berriro, (pisu jaurtiketan) Paula Añorgak (pertika saltoa) eta Lucia Arrizabalagak (200 metroetan) brontzezko domina bana ekarri dute Irunera.