Azken eraso matxista salatuko du gaur M8 Asanblada Feministak
Elkarretaratzera deitu dituzte herritarrak, emakume batek Irunen jasandako sexu erasoa salatzeko.
Atzo Segurtasun Sailak jakinarazitako sexu erasoaren aurrean «erabateko gaitzespena» adierazi dute M8 Bidasoko Asanblada Feministak emakumeek. «Berriro ere, sentitzen dugu emakumeok bizi garen gizartean “EZ esaten denean, ezetz dela” oraindik ez ulertzea», esan dute amorruz. Emakumeari babesa eta maitasuna adierazi diote.
Erasoa salatzeko elkarretaratzea antolatu dute gaur arratsalderako. 19:00etan bilduko dira, San Juan plazan.
Udalaren salaketa
Irungo Udalak ere irmoki gaitzetsi du azken eraso matxista. Hedabideei bidalitako oharrean diotenez, babesa eta elkartasuna bidali diote biktimari eta haren eskuetara jarri dituzte gizarte zerbitzuen baliabide guztiak. Amaitzeko, gaurko elkarretaratzearekin bat egin du udalak, eta herritarrei bertaratzeko gonbita luzatu diete. Maskara erabiltzea eta distantziak mantentzea beharrezkoa izango da.